argia.eus
INPRIMATU
Mexikoko estatuak Ciudad Juarezi aurrea hartu dio feminizidio kopuruan
  • 2016an 263 feminizidio zenbatu dituzte gobernuz kanpoko erakundeek. Mexikoko estatuak 16 milioi biztanle ditu.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 03a
Emakumeek urteak daramatzate haien aurkako erasoak eta hilketak salatzen.

Ciudad Juarez da ezaguna emakumeen aurkako hilketengatik. Alabaina, Mexikoko estatuak aurrea hartu dio nazioartean ospe txar hori duen estatuari.

2015. urtea azken hamarkadetako bortitzenetakoa izan zen eta bertako gobernua lehen aldiz Emakumeen Aurkako Genero Indarkeriaren Alerta abian jartzera behartu zuten. Gobernuz kanpoko erakundeen ustez, alertak ez du bere egitekoa bete eta 2015eko hilketa zifrak aise gainditu dira 2016an.

2017an 18 feminizidio gertatu dira dagoeneko Mexikoko estatuan. Mexfem (Genero Indarkeriaren Aurkako Herritarren Behatokia) erakundeak adierazi duenez, hilketa gehienak ofizialki ez dira feminizidiotzat hartu, nahiz eta biktimen gorpuek sexu indarkeria zantzuak, zauriak edo mozketak izan, eta batzuetan gorpuak jendaurrean erakutsi.