52.000 langileri deitutako greba zikloa hasi dute sindikatuek Bizkaiko metalgintzako sektorean. Azken negoziazio prozesuan patronalarekin akordiorik ez zen izan eta ondorioz moblizaziora jo dute langileen ordezkariek. Ostegun honetan dute lehen greba eguna.
Orokorrean "giro lasaia" izan da goizean Bizkaiko metalgintzako langileen egindako mobilizazioetan, baina Ertzaintzaren presentzia handiak tentsio une batzuk eragin ditu, batez ere piketeak langileak informatzera joan direnean, sindikatuen esanetan. Ostegun honetako greba eguna CCOO, LAB,UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek deitu dute –ELAk deialdi propioa egin eta bere aldetik mobilizatu da–. Langileek hainbat tokitan barrikadak jarri dituzte protesta moduan.
52.000 langileri eragiten die grebak eta ostiralean eta azaroaren 2an ere lanuzteak antolatu dituzte sindikatuek: "Giroa ona izan da, jende asko bildu gara piketeetan, jendea indarrarekin eta gogoarekin dago, eta konbentzituta. Hala ere, Ertzaintzaren jarrera salatu behar dugu, jendea identifikatu, atzeman eta piketeen lana oztopatzen egon delako", azaldu du Iratxe Azkue LABeko industria arduradunak Hamaika Telebistari egindako adierazpenetan.
Azkuek azaldu duenez, sektorean egindako azkeneko grebetan baino jarraipen zabalagoa izan du oraingo deialdiak, esaterako, Durangaldea "ia itxita" dagoela esan du LABeko ordezkariak. Tecuni, Arteche, Bombardier, DYF eta Vicinay enpresetan ekoizpena gelditu egin dela jakinarazi dute grebaren deitzaileek.
Eguerdian manifestazio jendetsuak abiatu dira kaleetan barrena, esaterako Durangon.
Manifestazioa hasi da.
Grebak #Durangoaldea gelditu du.
Lan hitzarmenaren duinaren aldeko aldarriek #Durango|ko kaleak hartu dituzte.
? @HamaikaTb @LABsindikatua @LABDurangaldea @CCOOeuskadi @UGT_Euskadi pic.twitter.com/e6hhcgEXLe
— Aiara de Urreta Gabikagogeaskoa (@AiaraGBK) October 27, 2022
FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak ez zuen proposamen berririk eman azkeneko bilerara langileen erosahalmena bermatzeko, eta horrek erabat urrundu zuen akordiorako tartea, sindikatuek azaldu dutenez. Inflazioa goia jota dagoenean, enpresarien elkarteak %6,5eko igoera baino ez dieproposatu aurten: "Pertsonen erosteko ahalmena bermatu gabe jarraitzen duen soldata-proposamena eskaini du [patronalak]. Horren truke, gutxieneko bermea murrizteko, malgutasuna handitzeko eta aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak zalantzan jartzeko asmoarekin jarraitzen du", azaldu CCOO sindikatuak.
ELAk, bere aldetik azaldu du ez dela langile guztientzako KPI igoera bermatzen: "Ez dago aurrerapausorik lanaldi murrizketan, ezta subrogazioan ere, ez dira ETTak kontrolatzen, ez da Bizkaiko metalean nahitaezko arbitrajea saihesten, ez dago aurrerapausorik berdintasun planetan...", azaldu du. Horregatik grebara batu eta ekoizpena gelditzeko deia egin die langile guztiei.