Bizkaiko Metalaren sektoreko grebak utzitako hiru langile auziperatuek asteartean izan dute epaiketa eta Aiaraldeko beharginen babesa izan dute Bilbon. Artiacheko grebalariek eta Tubacexeko langileek bat egin dute deialdiarekin.
Astearte goizean Bilboko epaitegian Bizkaiko Metalaren sektoreko greban atxilotutako hiru langile pasa ziren epailearen aurretik. Horietako batek 3 urteko espetxe eskaera zuen eta onartu zuen fiskaltzak proposatutako akordioa. Horren ondorioz, urtebeteko zigorra -ez da kartzelan sartu beharko- eta isun ekonomikoa jaso ditu. Beste bi beharginek, ordea, aurrera egin dute absoluzioaren bila, bi urteko zigorrari egin baitiote aurre.
Epaituak babesteko elkarretaratzea egin zen epaitegiaren aurrean. Antolatzaileak izan ziren, hain zuzen, lan gatazkek azken urteotan eragindako langile auziperatuak. Hori dela medio, Tubacex enpresako behargin auziperatu batek irakurri zuen testua elkarretaratzean hedabideen aurrean. Enpresa horretako lankide gehiago egon ziren mobilizazioan eta Artiacheko grebalariek ere parte hartu zuten deialdian.
Tubacexeko langile auziperatuek babesa eskaini diete gaur Bizkaiko Metalgintzako kideei, Bilbon izan baitute epaiketa. pic.twitter.com/1S23aCx9qo
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 25, 2022
Irakurritako testuan, grebalari auzipetuek aldarrikatu zuten grebak eta protestak guztiz zilegi direla eta salatu zuten Ertzaintzak sortzen dituela istiluak mobilizazioetan. Hori dela medio, exijitu zioten Eusko Jaurlaritzari bertan behera uzteko abiatutako prozesu judizial guztiak.