argia.eus
INPRIMATU
Meskita eraitsi, sinagoga eraikitzeko
  • Ultraeskuineko ministro Ben Gvir-ek zera proposatu du: sinagoga bat eraikitzea Jerusalemgo Meskiten Zelaiguneetan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko abuztuaren 27a
Itamar Ben Gvir erdian, poliziaz inguratuta, Meskiten Zelaigunean, Jerusalemen.

Jerusalemen ere, azken orduotan, urak ez dira bare. Itamar Ben Gvir ministro israeldar ultrakontserbadoreak musulmanak asaldatu ditu astelehen arratsaldean: juduen sinagoga bat eraikitzea proposatu du egun Tenpluaren Mendia dagoen lekuan, hau da, bai juduentzat eta bai musulmanentzat sakratua den lekuan; baina, Ben Gvir ministroak iradoki du Meskiten Zelaiguneetan eraikitzea, eta ez juduen aldean.

Segituan erantzun du Palestinako Agintaritzak: "Nazioarteko komunitateak Israel behartu behar du gisa horretako praktika probokatzaileak uztera". Gainera, ohartarazi du horrelako adierazpenek ez dutela Jerusalem inguruko musulmanak asaldatzea beste helbururik.

Hamasek, bestalde, Ben Gvir "terrorista" dela esan eta antolatzera eta manifestatzera egin du dei: "Israelen okupazio planei aurre egin behar zaie".

Su-etenak huts egin ondoren, Israelek ikastetxe bat bonbardatu du

Su-eten errealerako aukerak enegarrenez huts egin eta Israelen eta Hezbollah talde paramilitarraren asteburuko eraso-truke handiaren ondotik –2006tik ez zen halakorik gertatu eskala horretan–, astearen hasiera baretu egin da Libanoren eta Israelen artean. Hala ere, Israelek Gaza bonbardatzen segitzen du. Azken orduotan, milaka errefuxiaturen kanpamendu den Nuseiratetik gertu dagoen Al-Ezz Bin Abdul Salam ikastetxea bonbardatu du.

Horrez gain, Gaza erdigunera sartzeko asmoa adierazi du armadak, Al Jazeerak albiste honetan jaso duenez.

AEBen laguntza

Washingtonek 50.000 tona gerra-material bidali dizkio Israelgo Armadari urriaren 7az geroztik. Milioi erdi hegazkin eta zientoka itsasontzitan garraiatu da hori guztia, Israelgo Defentsa Ministerioak emandako datuen arabera. Besteak beste, ibilgailu blindatuak, munizioak, defentsarako babesgarriak eta osasun baliabideak eman dizkio. Israelgo Defentsa Ministerioaren esanetan, bere armadaren gaitasun operatiboentzat "erabakigarria" izan da AEBen laguntza hori.

Segituko du laguntzen, gainera. Izan ere, AEBetako presidente berria azaroaren 5eko hauteskundeetan erabakiko da, Kamala Harris ala Donald Trump, eta biek ala biek jarraituko dute Netanyahuri eskua ematen. Egun, Harris hautagai demokrataren gobernua egiten ari dena bistakoa da, eta Trumpek are gehiago hitzematen du. Lehenik AEB zioen leloa, gaiaz hitz egiterakoan, zera bihurtu du Trumpek: Lehenik AEB, salbu eta Israel.

Azken inkestek paretsu ipintzen dituzte Harris eta Trump. Demokrata aurretik, botoen %44rekin; eta Trump gutxira, %42rekin. Harrisek, ordea, berriz esan du "su-etenaren garaia" dela Gazan, eta beste behin kritikatu dio Trumpek, "ezker muturrekoa zara" esanez, eta "Hamas babesten duzu".