Ez zaigu nahikoa agintariek maskarak noiz banatuko zain egotea, ezta langileak aski babes ez dutelako protestan aritzea ere. Ez da aski bikoteka, familiaka eta –askok inguruko zaharragoekiko maitasun handiz egin duten moduan– bakarka konfinatzea ere. Konfinamendua hautsi beharrean garen une horietan ez diogu baimendu behar birusari batetik bestera jauzi egiten: aski zorrotz ez izateagatik nik zu kutsatzen bazaitut bizi naizeno damutuko zait.
Oria errio bazterreko baserrian hazia izaki, sentitzen naiz 1983ko uholde ikaragarri hartan bezala, edo geroztik izan diren beste bizpahiru uholde handietako batean. Pixkanaka zabaltzen da Kantauri itsasoko marea iristen den Aginagako erriberetan. Egun horretan, entzungo duzu Goierrin txikizioak egiten ari direla errekak, gero urak Tolosan atera direla, Andoaingo larri dabiltzala... Aginaga inguetan aurreko uholdeetatik zerbait ikasi dutenek aurreratuko dizute hemen urak lasai joango direla erriberetan zabaltzen itsasgora den bitartean, itsoak topea egiten baitie. Marea beteta itsasbehera hasitakoan orduan ikusiko da, ea urak hasten diren beren onera itzultzen –baldin eta mendi aldetik errekak lasaitzen hasten badira– edo putzuak harrapatuta egon beharko duzun ordu luzez. Hemen Oriak bare egindako triskantzak ez dira izango bestetan baino arinagoak, igerriko diozu.
Oria bere bidetik irten eta zure ukuiluan sartu arteko orduak tranpa izan litezke. Errioak isilik berenagatzen ditu bazterrak, gezurrezko mantso-antzean, zentimetro bat orain, beste bat laster... ez da geldituko goia jo arte. Zure zorionerako, errekek haserre suntsitu dituzten herri askotan baino aukera hobeak dauzkazu: aprobetxa itzazu. Ez utzi salbatu gabe salbatu dezakezun ezer. Eta batez ere, ez ibili tontakeriatan eten gabe goraka datorren putzuaren ertzean. Garaiz egin ez duzuna uren mende utziko duzu, berdin beranduegi mugitu nahi izan duzun autoa edo aukera zen bitartean etxetik irten nahi izan ez duen aitona egoskorra. Ura eta zu, ura eta gu, eta kito: ertzainak, suhiltzaileak eta udaltzainak berak buruz gain dabiltza zure zokotik urrun.
Covid-19aren uholde honetan, hondamendia gero eta hurbilago dugun arren, astelehen goizean komertziante batzuk eta erosle gehienak ikusi ditut oraindik aski babes gabe salerosketan. Lanjer handienean saltzaileak ari dira, urrutitik. Erosleok ez dugu eskubiderik haien babes eskubidea urratzeko. Hartu maskara, ez hainbeste geure burua babesteko baizik eta egunean zehar zu eta ni bezalako ehun edo gehiagori zerbitzu eman behar dioten langileok ez kondenatzeko. Eta saltokiko langileek beren buruak nola-hala babestu dituztenean ere, ondoan erosketan dabilzkigun besteak –batik bat ahulenak– ez kaltetzeko.
Erosketetan asko dira zahar eta ezinduak bizi dugun larrialdian mugimendurik oinarrizkoenak egiteko ere baldartuegiak. Erosle orok eraman behar dugu babesgarri minimo bat, batik bat ahulenak berak: nola lagunduko diogu amona horri erositakoak karroan sartzen, nola lagundu altxatzen espaloi bazterrean erori den agure horri?
Maskara diot, baina gure agintari neoliberalek aspaldi metatuta eduki behar zituzten babesgarri txukunak iritsi bitartean sasi-maskaratzat erabili etxean brikolatutakoa, bufanda, lepoko zapi lodiantzeko bat... edozer, birus guztiak ez bada gehienak nik zuri pasatzea ekidingo duena.