George Floyden hilketan parte hartu zuen polizietako batek gorputzean zeraman kamararen irudiak filtratu dira. George Floyden atxiloketaren hasierako uneak eta haren bizitzako azken momentuak erakusten dituzte. Floyd poliziekin kolaboratzeko prest agertzeaz gain, bera tiroka ez hiltzeko eskatu zien poliziei.
Daily Mail egunkariak astelehenean argitaratu ditu George Floyden atxiloketan parte hartu zuten bi polizien kameren zenbait irudi. Polizia horietako batek, Derek Chauvinek, ia zortzi minutuz lepoan belauna jarrita, hil egin zuen Floyd. Arnasarik ezin zuela hartu 30 bat aldiz adierazi zien Floydek poliziei.
Filtratutako bideo berri honek agerian utzi ditu George Floyden jarrera ez-bortitza eta poliziekin kolaboratzeko prestutasuna. Bi poliziei tiro ez egiteko eskatu zien hainbatetan, bera hil baino minutu batzuk lehenago. Bideoan, Floyd bere autoan eserita ageri da esanez: "Mesedez, ez tiro egin. Ama galdu berri dut".
CBS hedabideak sarera igo du bideoa azpitituluekin:
Democrazy Now hedabideak transkribatu du bideoaren zatirik esanguratsuena:
Thomas Lane polizia: "Irten eta beste aldera begiratu".
George Floyd: "Ongi, ofizial jauna. Mesedez, ez tiro egin. Mesedez, txo! "
Thomas Lane: "Ez dizut tiro egingo".
George Floyd: "Mesedez!"
Thomas Lane: "Irten eta beste aldera begiratu".
George Floyd: "Lagun, begietara begiratuko dizut. Mesedez, ez tiro egin!. "
Thomas Lane: "Ez dizut tiro egingo."
George Floyd: "Mesedez, lagun. Ama galdu berri dut".
Thomas Lane: "Irten eta beste aldera begiratu".
George Floyd: "Asko sentitzen dut".
Bideoaren beste zati batek erakusten du George Floyd eskuburdinak jarrita, esanez: "Ez naiz erresistitzen ari". Poliziak armak zorrotik aterata hurbildu zitzaizkion Floydi, bideo honek agerian utzi duenez, inolako mehatxurik tartean ez bazen ere.
Derek Chauvini bigarren eta hirugarren mailako hilketa leporatu diote. Operazioan parte hartu zuten Lane, Kueng eta Tou Thao ofizial ohiei bigarren graduko hilketa eta laguntza ematea egotzi dizkiete. Lau ofizialak Poliziatik kaleratu egin zituzten.