Europar Batasuneko erakundeen jardunak, justiziaren arlokoak barne, baieztatu du beste behin klub hori merkatarien, hau da, banku eta multinazionalen zerbitzura dagoela. Bere lobbyek hartzen dituzte erabaki gehienak, europarren eta herritarren interesen aurka.
Egunotan Europar Batasuneko abokatu nagusiak irizpen ez loteslea amaitu du. Bertan dio Espainiako Estatuko bankuek ez dutela hipoteken gaineko gehiegizko zoru klausuletatik kobraturiko guztia itzuli beharko. Espainiako Auzitegi Gorenak hala agindu zuen epai batean, baina orain Europak dio itzuli beharrekoa epai horretatik geroztikakoa behar duela, 2013ko maiatzaren 9tik aurrerakoa alegia. Horrek dakar bankuen sektoreak 5.000 milioi euro aurreztuko dituela. Arrazoia? Zenbait bankuk porrot egin dezaketela diru hori itzuliz gero. Ez da kontuan hartzen kalteturiko bi milioi lagunek eskatutako justua den ala ez.
Modu horretan, Europar “justiziak” sentiberatasun harrigarria erakutsi du bankarien interesekiko, ez ordea milaka milioi euroko iruzurraren biktima izan diren biktimekiko, etxegabetze ugari eta suizidioen zerrenda luze eta beldurgarria eragin duen arren, baita Euskal Herrian ere.
Behin betiko epaia urte amaieran jakingo dugu, baina honen zain zeuden banku askok garaipentzat hartu dute eta burtsetan nabaritu da hori. Merkatarien Europak horrelaxe funtzionatzen du, jo eta su. Zerbaitetarako ari dira lanean lobbyak. Halako Europak kezka gutxi du hipotekek kalteturiko milioika lagun horiengan. Hori bai, Goldman Sachs moduko merkatariek lanpostua eskaintzen diete Durao Barroso EBko presidente ohia moduko jendeari. Mesedeak ordaindu egiten dira, bai ondo ordaindu ere!