argia.eus
INPRIMATU
Merkurioz egindako enpasteak erabiltzea debekatu du Europar Batasunak
  • Debekatuta egongo da amalgama enpasteak jartzea haurdun edo edoskitze garaian dauden emakumeei eta 15 urtetik beherako umeei, ingurumenaren kutsadura eta osasun gaitzak saihesteko asmoz. Hartutako erabakia 2013an sinatutako Minamatako Hitzarmenaren parte da.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 13a

Europar Batasuneko hiru erakundeek (Legebiltzarra, Batzordea eta Kontseilua) hartu dute erabakia, eta 2018ko uztailaren 1ean jarriko dute martxan debekua. Ordutik, urtebete izango dute Europar Batasuneko kide diren estatu guztiek amalgama enpasteak murrizteko plan bat egiteko. Europako Batzordeak 2020an aurkeztuko du hortzetako merkurioaren deuseztatze osoari buruzko informea, eta garatu beharreko legedia.

Merkurioa oso toxikoa da osasunerako eta ingurumenerako, eta amalgama enpasteen %50 metal horretaz osatuta dago. Europar Batasunean, 90 tona merkurio kontsumitzen dute urtean hortzetako amalgamek. Eta uretan, airean eta lurrean amaitzen dute tona horiek, kliniketako hondakin-uraren, isurien, errausketen eta zabortegien bidez.

Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) merkurioaren inguruko lehenengo ebaluazio globala egin zuen 2002an. Eta 2009an juridikoki loteslea izango zen nazioarteko akordio bat osatzea adostu zuen. Horren ondorioz sortu zen 2013an Minamatako Hitzarmena.