Ekologistak Martxan elkarteak eta Merkuriorik Gabeko Odontologiaren aldeko Munduko Aliantzak merkurioz egindako enpasteak debekatzeko eskatu diote Europako Parlamentuari. Zehazki, 2021 baino lehenago ezabatzeko eskatu dute, ingurumenaren kutsadura eta osasun gaitzak saihesteko asmoz.
Merkurio bidezko bigarren kutsadura iturria da hortzetakoa Europar Batasunean, kloroaren industria izanik lehenengoa. Izan ere, hortzetako amalgamek 90 tona merkurio kontsumitzen dute urtean. Eta uretan, airean eta lurrean amaitzen dute tona horiek, kliniketako hondakin-uraren, isurien, errausketen eta zabortegien bidez.
Zenbait herrialdetan amalgama enpasteak erabiltzeari utzi diote. Suedian dagoeneko ez du inolako erabilpenik, Finlandian %3koa, Danimarkan %5ekoa eta Holandan %10ekoa baino gutxiago. Horrez gain, Alemanian eta Erresuma Batuan ume eta haurdun dauden emakumeekin horrelakorik ez erabiltzea gomendatzen da.
Izan ere, zientzialarien komunitateak egindako ikerketek diotenez, merkurioa metilmerkurio bihurtzen da ingurumenera askatzen denean. Substantzia horrek buruko gaitz larriak eta arazo neurologikoak eragiten ditu, eta arriskutsua da bereziki umeetan eta haurdun, edoskitze garaian edo ugaltzeko adinean dauden emakumeetan.