argia.eus
INPRIMATU
Merkurioa murrizteko nazioarteko hitzarmena, ahulegia ote?
  • Merkurioaren erabilera murrizteko akordioa sinatu dute 140 herrialdek joan den asteburuan Genevan: Minamatako Hitzarmena, izen bereko japoniar hiriaren omenez. XX. mendeko 50eko hamarkadan, Minamatako biztanle asko ordura arte inork ezagutzen ez zuen gaixotasun baten sintomak agertzen hasi ziren: ikusmenean eta entzumenean galerak, ataxia (deskoordinazioa mugimenduan), ahuldadea eta, kasurik larrienetan, paralisia eta heriotza.

Unai Brea @unaibrea2 2013ko urtarrilaren 23a
Jaten dugun arrain guztiak merkurioa du. Onartutako kopurua gainditzeagataik 68 ohartarazpen jaso zituen 2012an Europar Batasunak (Argazkia: Guioteca.com)

Ehundik gora hildako egon zen guztira, 1953 eta 1965 bitartean. Hala ere, Japoniako Gobernuak ez zuen 1968ra arte ofizialki esan zein zen gaitzaren jatorria: merkurioz pozoitutako arraina eta mariskoa jatea. Gaur egun, Minamatako gaixotasuna esaten zaio gaitz larri horri.

Merkurioa, metal toxikoa ez ezik, biometagarria da: ez da ingurumenetik desagertzen. Eta zuk jaten duzuna zure barruan geratuko da. Elikadurari dagokionez, arrainetan egoten da batez ere, eta bereziki arrain handietan, kate trofikoaren muturrean daudenetan. Urarekin erreakzionatu ostean, merkurioa metilmerkurio bihurtzen da, eta konposatu hori da hain justu arrainetan atzeman daitekeena. Metilmerkurioa merkurioaren forma toxikoenetako bat da.

EBren Elikagai eta Pentzuen Alerta Azkar Sistemak (RASFF) 68 ohartarazpen jaso zituen 2012an, europar arrantzaleek harrapatutako arrainetan legeak baimendutakoa baino merkurio egoteagatik; aurreko urtean, era horretako 76 abisu jaso zituen RASFFek. Zenbat elkarte ekologistak diote errealitatea okerragoa dela kopuruok erakusten dutena baino, EBk onargarritzat duen merkurio kantitatea FAO eta OMEren batzorde mistoak ezarritakoa baino handiagoa da eta.

Nonbaitetik iristen da merkurioa itsasora, zer esanik ez. Minamatako Hitzarmenak merkurioaren erabilera debekatuko du zenbait kasutan, eta mugak ezarriko ditu beste zenbaitzuetan. Ohi denez, akordioa ez da berehalakoan gauzatzen hasiko. Estatu bakoitzak berretsi behar du hitzarmena, eta prozesu hori 2015 eta 2018 urteen artean emango da. Zero Mercury taldeak aurrerapausotzat jo du akordioa, baina kexu da ez delako behar bezain ausarta. "Norabide egokian doa, eta izatez, merkurioari buruzko nazioarteko hitzarmena sinatzea lorpen handia da", adierazi du elkarteko bozeramaile Michael Benderrek, "baina haren garapenak hainbat oztopo izango ditu". Oztopo horien artean, Benderrek merkurio iturri nagusien -esaterako, ikatza darabilten zentral elektrikoen- kontrol zorrotzik eza aipatu du".

Besteak beste, Minamatako Hitzarmenak merkurio salerosketa murriztuko du, haren meatzaritza debekatuko du, eta gaur egun metal hori eduki ohi duten gailu askotan erabiltzea galaraziko du. Odontologian ere baztertzea aurreikusi da (gaur egun hortz betegarrietan erabiltzen da).