argia.eus
INPRIMATU
Merkelek hauteskundeak irabazi ditu, eskuin muturra jada hirugarren indarra den Alemanian
  • Alemaniako hauteskunde orokorretan garaipena lortu du berriz ere Angela Merkel kontserbadoreak. Sozialdemokratek (SPD) bozen %20,5 eskuratu dute, alderdiaren inoizko emaitzarik txarrenak. Eskuin muturrak berriz, ikaragarri egin du gora, Bundestagean sartuz lehen aldiz, bozen %12,7rekin.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 25a

Egungo kantzilerraren alderdia den Kristaudemokraten Batasunak (CDU), Sozialkristauen Batasunarekin batera (CSU), bozen %33,1 lortu dute. Indarrik handiena dira berriz ere, baina historiako bigarren emaitzarik txarrenak eskuratuta. 2013ko hauteskundeetatik zortzi puntu jaitsi dira.

Sozialdemokraten hautagai nagusia Europar Parlamentuko lehendakari Martin Schulz izan da eta horrek esperantzak sortu zituen SPDn. Hautestontziek ordea, 1939tik emaitzarik okerrenak eman dizkiete, eta jada iragarri dute oposizioa egitera behartuak daudela. Orain arte, CDUrekin batera koalizio gobernua osatu du SPDk.

Eskuin muturra indarrez sartu da Bundestagean, kezka nabarmena sortuz. Alemaniarentzako Alternatiba alderdi xenofobora joan dira CDUk galdutako bozak, eta %12,7rekin oposizioko bigarren alderdi nagusia izango da.  

Merkelek onartu egin du, emaitza hobeak espero zituztela, baina gobernatzeko aukera bakarra eurek direla eta “egoera behar bezala irakurriko dutela” iragarri du. Ez badu SPDrekin gobernu koalizioa osatzen liberalen eta berdeen babesa beharko du gehiengo osoa lortzeko.