argia.eus
INPRIMATU
Merkatuan saltzen diren tomateen %34 Monsanto eta Heinzen propietate dira
  • Egun erabiltzen diren hazi hibridoak multinazional espezializatuek soilik egin ditzakete, eta horien liderra Monsanto da. Merkatura zabaltzen dituena, berriz, Heinz multinazional boteretsua da. Bide beretik jarraituz gero, elikadura merkatu pribatuen eskuetan bukatuko duela ohartarazi dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 28a

Nekazariek eta elikadura enpresek urteak daramatzate tomate gorriak, borobilak, gogorrak eta politak lortzeko formularen bila. Horretarako, hibridazioaren metodoa erabiltzen dute: haziak genetikoki manipulatzen dituzte ezaugarri batzuk txertatzeko eta emankorragoak izateko. Arazoa da informazio genetikoa okerrera egiten duela eta hurrengo hazien fruituak kalitate eskasagokoak direla.

Hazi hibridoak ezin dira erreproduzitu, modu artifizialean sortu behar dira, manipulazioa egin dezaketen bakarrak ingeniaritza genetikoan espezializatutako multinazionalak dira eta patentatuak daude. Multinazional horien liderra Monsanto da. Nekazariek urtero erosi behar dizkiote haziak eta manipulatzen saiatuz gero isunei eta kartzela zigorrei aurre egiteko arriskua dute.

Monsantok manipulatutako haziak tomatearen multinazional nagusiak merkaturatzen ditu: Heinz-ek. Haziak saltzen dizkie nekazariei eta ondoren Ketchup-a egiteko erabiltzen dituen tomateak erosten dizkie hauei. Hazi guztiak hibridoak direnez, emankorrak izaten jarraitzeko nekazariek urtero erosi behar dizkiote Heinz-i. Tomateak nekazaritza industrial intentsiboaren bitartez hazten dituzte, eskulan minimoarekin, pestizidekin eta ongarritzeko gai kimikoekin. Ikerketa baten arabera, 2013an mundu osoan saldu ziren tomateen %34k Heinzek saldutako haziak zituzten, multinazionalak 6.000 hazi saldu zituen.

Heinz mundu osoko supermerkatuetan dagoen elikagai prozesatuen marka bat da eta elikadura kaltegarria bultzatu, bertako ekonomia suntsitu eta ingurugiroa kaltetzen duena, adituek diotenez. Kraft Heinz Companyren barruan dago, AEBetako hirugarren elikadura taldea eta munduko bosgarrena. Heinzen akzioak Warren Buffett Coca-colaren akziodun nagusiarenak dira.

Bide beretik jarraituz gero gizakiaren elikadura merkatu pribatuaren eskutan bukatuko duela ohartarazi dute laborantza organikoaren bultzatzaileek. Hibridazioak hazien aniztasun naturala arriskuan jartzen duela azaldu dute, hazia-landarea-fruitua-hazia zirkulua apurtzen ari delako eta horrek kalte egiten dielako hazi naturalei.