argia.eus
INPRIMATU
www.baserritikgernikara.eus
Merkatu plaza, sarean ere martxan
  • Gernikako Allende Salazar eskolako jantokian tokiko produktuekin janaria prestatzeko borrokan aritu dira azken urteotan bertako guraso, baserritar eta eragileak. Lehenagotik zetorren elkarlan horretatik proiektu berri bat jaio zen konfinamendu garaian: baserritikgernikara.eus. Inguruko baserritarren produktuak online eros ditzakete kontsumitzaileek geroztik. Salmenta zuzena bultzatzeko beste bide bat jorratu nahi izan dute bultzatzaileek: “Elikadura burujabetzarako bidean herritarrei ahalik eta alternatiba gehien eskaintzea da ideia”, azaldu du Dabid Zelaia-Zugadi kideak.

Garazi Zabaleta 2021eko otsailaren 26a

“2016an hainbat ekoizle Allende Salazarko jantokia hornitzen hasi ginen eta baserritarren sare bat sortu zen. Horrek elkar ezagutza, enpatia eta konplizitatea ekarri zituen. Azkenean, guztion onerako sinergiak sortzen dira horrelako proiektuetan”, dio Zelaia-Zugadik. Elkarrekin lanean ari ziren horiek aspaldian zuten buruan salmenta zuzenerako webgunea sortzea, baina azkenean, iazko martxoan ekin zioten bideari. Konfinamendu garaian sortu zen, baina ez zen konfinamendurako sortutako tresna, denboran mantentzeko asmoz abiatu zuten.

Proiektu kolaboratiboa da Gernikakoa, erabakiak denen artean hartzen dituzte, eta elikadura burujabetza hegemonia irabazten joateko beste pieza bat bezala ulertzen dute. “Kontziente izan beharra dugu oraindik marjinalak izaten jarraitzen dugula: Euskal Herrian jaten dugunetik %10 soilik da bertan ekoitzitakoa, eta gure hozkailuko produktuek 5.000 kilometroko bidea egin dute kasu askotan”.

Eskaerak lokalean edo etxean jasotzeko aukera

Hainbat ustiategitako 30 bat pertsonak hornitzen dute webguneko azoka, eta denetik aurki daiteke bertan: barazki freskoak, ogia, esnekiak, fruta, haragia, perretxikoak, marmeladak, eztia, arrain kontserbak… “Astelehenetako merkatua da, baina euskarri birtualera eramana”.

Herritarrek asteazken eguerdi arte dute eskariak egiteko tartea. Ordainketa internetez egiten da, eta ondoren elikagaiak jasotzeko bi modu dituzte: Baserritik Gernikara egitasmoaren lokalean jaso ditzakete ostegun arratsaldetan, edo etxean bertan ostiral goizetan. Erosketa jasotzera pasatzen direnek bi euro ordaintzen dituzte, eta etxean jasotzen dutenek, berriz, lau. “Saskiak prestatzeko, logistikarako nahiz webgunearen kudeaketa gastuak ordaintzeko darabilgu”, dio kideak. Pozik daude egitasmoak hilabeteotan izandako erantzunarekin, merkatu plazak betiko jendea mantentzeaz gain, online azokak ere bere bezero propioak lortu dituelako.