Maiatzaren 4an eta 5ean Euskal Herria kapitalaren eraso berriaren aurrean izeneko jardunaldiak egingo dira Bilboko La Bolsan. Europar Batasuna bultzatzen ari den merkataritza eta inbertsio hitzarmen-bolada berrian begirada ipintzea beharrezkotzat jotzen dute antolatzaileek.
Egungo testuinguruan, hitzarmen horiek “gutxiengo batzuen interes ekonomikoei” erantzuteko baino ez direla sinatzen nabarmendu dute eta herrien burujabetzaren gainetik kokatu nahi den “bolada antidemokratiko” baten adierazleak direla. Hori dela eta, gogoeta egiteko eta horren haritik datozen inpaktuak salatzeko baliatu nahi dituzte datozen egunak. Diskurtsoa birformulatzeko, eguneratzeko eta indartzeko parada izango dela diote. “Eraso berri horrek gure lurraldean eragingo dituen ondorioak eta aurre egiteko moduak aztertu behar ditugu”.
Jardunaldien barruan, mahai-ingurua egingo dute lehen egunean, itun berriek bai ikuspegi globaletik baita udal-ikuspegitik ere izan ditzakeen ondorioez hausnartzeko. Erika Gonzalez OMAL-Bakea eta Duintasuna taldeko kidea, Jule Goikoetxea EHUko irakaslea eta Patricia Perales Iruñeko Udaleko kideak hartuko dute parte solasaldian.
Biharamunean, maiatzaren 5ean, World Kafea antolatu dute hainbat eremutatik alternatiba eta erresistentzia arteko antolamendua bultzatzeko. Hala nola, feminismotik, udalgintzatik, zerbitzu publikoetatik eta botere korporatiboen kontroletik jorratutako estrategiaz arituko dira. Horretarako, hainbat gonbidatuk hartuko dute hitza. Laura Gonzalez de Txabarri (ELA), Eider Casanova (LAB), Iratxe Arriola Eako Udaleko ordezkaria eta Julia Marti FeministAldeko kidea izango dira, besteak beste.
Ostiraleko saioa, 18:00etatik 20:30etara izango da. Larunbatekoa, aldiz, goizeko 9:30etatik 14:00etara.