Euskal Herrian TTIPari ez! kanpaina osatzen duten alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileek deituta, elkarretaratzeak egingo dira Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Mosaiko erraldoiak osatuko dituzte TTIP, CETA eta TISA merkataritza askeko akordioak arbuiatzeko.
Bi aurpegiko mosaikoak osatuko dituzte. Alde batean, merkataritza askeko akordioen aurkako jarrera islatuko dute. Bestean, euskal gizarteak “bidezkoa, demokratikoa eta solidarioa” den gizarte bat lortzeko dituen borrokak erakutsiko dituzte. Elkarretaratzeak 12:30ean izango dira Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, Donostiako Zurriola hondartzan, Iruñeko Sarasate pasealekuan eta Gasteizko Foruen plazan.
Protesten bitartez antolatzaileek, akordioen aurkako jarrera agertzeaz gain, Europan egin berri den sinadura bilketaren arrakasta ospatu nahi dute. TTIPen aurka EB osoan antolatutako ekimen hori urriaren 6an itxi zen, eta 3.200.000 izenpe bildu zituen.
Merkataritza askeko akordioen aurkako eguna oso une erabakigarrian iritsiko da. Une honetan, CETA adostuta dute Europar Batasunak eta Kanadak –berrestea falta da–, eta urriaren 5ean TPP edo Lankidetza Trans Pazifikoaren akordioa itxi zuten Ozeano Barearen bi ertzetako dozena bat herrialdek.
Herri eta lurralde mailako kanpaina
Merkataritza askeko akordioen aurkako egunera deitzearekin batera, udal eta foru erakundeetara zuzendutako kanpainaren berri ere eman du Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainak. Herritarrak defendatu eta informatu beharko zutenen “ignorantzia eta konplizitatearen” aurrean, kanpainaren parte diren Irabazi, Ahal Dugu eta EH Bilduk mozioak aurkeztuko dituzte herri eta lurralde mailako erakundeetan. Mozioen bitartez, politikari eta agintariei eskatuko diete merkataritza askeko akordioen inguruko eztabaida sortzea, herritarrei akordioen eraginaren berri ematea, eta herri zein lurralde historikoak TTIP, CETA eta TISAren aurrean intsumiso agertzea.