argia.eus
INPRIMATU
Merkataritza askeko akordioak: ez dira lege naturalak
  • Cheap food, high wage —ogia merke eta soldata altuak—. 1848an, horiek ziren sustatzaile sutsuen hitzetan Ingalaterraren eta Frantziaren artean zerealak eta beste lehengai batzuen truke askearen hitzarmenak ekarriko zituen onurak; langileen onarpena lortu ahal izateko. Gaur egun, ia 170 urte geroago, merkatu internazionala gobernatzen duten merkataritza librearen hitzarmenen kopuruak goranzko joera hartu du.

Ander Pobo 2017ko abenduaren 07a

ALCA, TTP, NAFTA... dira adibiderik esanguratsuenak munduko ekonomian duten indarra dela medio, nahiz eta azkenaldian TTIP eta CETA izan gehien entzun direnak. Azken bi horiek Europar Batasunak negoziaturiko merkatu merkataritza librearen hitzarmenak dira, Estatu Batuekin eta Kanadarekin, hurrenez hurren. Munduko Merkataritza Erakundeko (MME) datuen arabera, gaur egun 302 hitzarmen jada martxan daude, eta beste 39 negoziatzen ari dira. Hitzarmen horien onurak, hala nola barne produktu gordinaren igoera, lanpostu berrien sorrera, soldaten igoera... hitz batean, garapena, ez dira 1848ko zerealen merkatu askeko adibidean aldarrikaturiko onuretatik asko aldentzen.

Modu honetan deskribaturik eta hitzarmen aske izendatu ondoren –nor egon liteke askatasunaren aurka–, gutxi batzuek baino ez lukete zalantzan jarriko hitzarmenek gizarteari ekarriko lizkioketen onurak. Dena den, hitzarmen horiek berezkoak ematen duten herri erantzun kementsuak dakartzate beraiekin. Nekazariek, abeltzainek, sindikalistek, epaileek... demokraziaren aurkako erasotzat jo dituzte hitzarmen horiek.

Modu bilateralean edota herrialdeka egiten diren merkataritza librearen hitzarmen horiek duten helburu nagusia akordioa sinatzen duten estatuen arteko merkataritzaren erregulazioa da, merkataritza fluxuaren igoera eta garapen ekonomikoaren sustapena bultzatzeko asmoz. Hori lortu ahal izateko, merkatu askeko guneen artean ondasunen zirkulazioa, zerbitzuena edota inbertsioena modu mugagabean bultzatu eta bermatzen dituzten arauak jartzea beharrezkoa da. MME osatzen duten 164 estatuetako edonork, MME berak markaturiko arau zehatzak bete behar ditu, paradoxikoki kontrola bermatzeko.

MMEk, neoliberalismoaren politika ekonomikoak «ustezko demokrazia» baten bidez zehaztuak izateko sortu zenak, abenduaren 10etik 13ra bitartean Buenos Airesen (Argentinan) egingo du elkarretaratzea. Oraingo honetan, aurretik aipaturiko neurriak finkatzeaz gain, propietate intelektualaren inguruko eskubideak, patenteak edo merkatu elektronikoaren inguruko neurriak ere negoziatuko dira. Azken puntu horren inguruan, elkarrizketaren xedeak estatuei merkatu elektronikoa erregulatzeko eskubidea galaraztea edota datuen transakziorako zerga berriak jartzea dira. Adibide horrek guztia azaleratzen du; MMEren negoziazio bilera bakoitzean, herriaren burujabetzatik geratzen den apurrak zartada handi bat jasaten du bere burujabetza hori kontrol ekonomikotik kanpo dagoen organizazio internazionalari uztean.

Ez da erraza, are gutxiago MMEtik neurri ekonomikoak lege naturalen pare ezartzen direnean (grabitate indarraren legea edota termodinamikaren legeak bezala), baina alternatibak egon badaude. Garapena eta merkataritza galarazi gabe, baina herrien arteko elkartasuna oinarri harturik, ingurumena errespetatuz eta azken finean gizartearen gehiengo bati onura ekarriko liokeen alternatibak eraikiz. Gizartearen gehiengoa, bere interesen defentsan protagonista izatea helburu izango duten merkataritza hitzarmenak, hain zuzen ere.

Europa guztian hedatu dira murrizketak osasungintzan, hezkuntzan eta ikerkuntzan, eta historian zehar lorturiko eskubideekin jasan ditugun atzerakadak ez dira kasualitate hutsak, hitzarmenetan inplementatzen diren liberalizazio politika hauen ondorio baizik. Beraz, logikoa ematen du azken hiru hamarkadetako ekonomiaren liberalizazioaren aldeko joerari orain aurkako norantza eman nahi izatea. Guzti honek esfortzua eta konpromisoa ditu oinarri. Pixkanaka-pixkanaka sare alternatiboa eta solidarioa josten joatea, bai tokian tokiko, baita modu globalean ere logika kapitalistatik at dauden proposamenekin, guztiok amesten ditugun gizarte justuago horiek eraikitzeko asmoz.

(Ander Pobo Euskal Herriko TTIP/CETAren aurkako kanpainako kidea da)