argia.eus
INPRIMATU
Merkatal gune batetik harago, zer dago Turkiako istiluen atzean?
  • Istanbul erdiguneko parke batean merkatal gune bat eraikitzeko proiektuaren kontra egindako eserialdiak eta poliziaren erantzun bortitzak jada hiru egun iraun duten eta Turkia osoan zabaldu diren istiluak eragin ditu.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko ekainaren 03a
1700 pertsona atxilotu ditu jada Turkiako poliziak. (Argazkia: Daniel Etter)

Ankarako unibertsitatean nazioarteko harremanetako irakasle den Mark Almond britaniarrak gertatzen ari dena aztertu du RT hedabideak egin dion elkarrizketan. Bere hitzetan, zentro komertzialaren proiektuak balio sinbolikoa du, eraikuntza alorreko enpresek eta gobernuak, bat eginda, herritarren nahia kontutan hartu gabe jarduten dutela erakusten baitu.

Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek hasieratik jarrera bortitza izan duela salatu du Almondek. "Gobernuko alderdiak gehiengo zabala du, eta ez zuen oso desberdinak diren gizarte taldeek osatutako mugimendu konplexu hau espero; ikasleak eta anarkistak ari dira parte hartzen, baina baita musulmanak, kurduak edota orain gutxi arte gobernuaren aldeko jarrera zutenak ere".

Dioenez, Istanbul "espazio zabal gutxiko hiri handia da" eta herritarrek, espazio horiek gabe, manifestatu eta aldarrikapenak egiteko aukera galduko dutela uste dute. Erdoganek "polizia ikertuko duela esan du" baina proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa du.

"Negar gasen erabilera masiboak" herritarren eguneroko bizitza eta turisten presentzia oztopatu duela adierazi du britaniarrak. Horrek, erlijio musulmanarekin loturiko azken arauekin batera (alkohola saltzeko mugak esaterako) herrialdeko turismoan, eta ondorioz ekonomian, eragin lazgarria izan dezakeela ere gaineratu du.