argia.eus
INPRIMATU
Meritxell Serret libre utzi du epaileak behin behinean, Madrilen ezustean bere burua aurkeztu ondoren
  • Belgikan erbesteratutako Kataluniako Generalitateko kontseilari ohia ezustean aurkeztu da Espainiako auzitegi Gorenean. Diru publikoa erabiltzeagatik eta desobedientziagatik auzipetu zuten, baina epaileak libre utzi du behin behinean ERCko politikaria.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 11
Serret Espainiako Auzitegi Gorenaren atarian kazetariei azalpenak ematen (arg.: EH Bildu)

"Nire konpromisoa mantendu nahi dudalako nago hemen". Hala adierazi du Meritxell Serret ERCko politikari eta Puigdemonten gobernuko Nekazaritza kontseilari ohiak Madrilen, Espainiako Auzitegi Gorenetik irten denean. Serret Bruselan zegoen erbesteratua 2017ko urritik, diru publikoa erabiltzeagatik eta desobedientziagatik auzipetu baitzuen Espainiako Justiziak.

Ezustean agertu da Espainiako hiriburura, bere alderdiko kideek eta beste hainbatek lagunduta, Iñigo Iruin abokatua ondoan zuela. Goreneko epaile Pablo LLarenak libre utzi du behin behinean baldintzarik gabe eta apirilaren 8an deitu du berriz deklaratzera. "Beti izan dut itzultzeko asmoa eta orain diputatu hautetsi naizenez, uste nuen momentua zela", azaldu du. Kataluniako politikagintzara itzultzeko asmo irmoa erakutsi du.

Epaileak, politikari independentista libre uzteko, argudiatu du ezin izan dela frogatu bere sailean diru publikoa erabili zenik Urriaren 1eko erreferenduma antolatzeko, eta auzipetuta zeuden gainerako karguak absolbitu egin zituztela akusazio horretatik. Serret da erbesteratu politiko katalanen artean itzuli den lehena eta Gabriel Rufian ERCko alderdikideak bere "ausardia" nabarmendu du.