argia.eus
INPRIMATU
Merezitako omenaldia
  • Azken egunotan hainbat preso politikori kartzelatik irtetean haien herrietan emandako ongietorri beroen harira, zalaparta bizian hasi dira zenbait bakezale faltsu eta “biktimen” erakunde neo-faxista. Lehenengoek ongietorria giro pribatuan egiteko deia egin dute, eta besteek ematea debekatzea eskatu, ekitaldi horietan biktimen memoria iraintzen ari direlakoan. Militante politikoak publikoki iraintzen dituzten berberek harrera pribatuak eskatzen dituzte orain.

Sendoa Jurado Garcia 2019ko abuztuaren 01

Honen atzean benetan dagoena, ordea, iraganaren manipulazioaren bitartez etorkizuna baldintzatzeko nahia da, eta hori alde iraultzailea umiliatzetik pasatzen da. Bestela, ez lukete beti gainetik pasako “biktima” horietako asko, biktima baino lehenago, borrero ere izan direla.

Bestetik, preso horietako gehienek, kartzelako tortura kronikoaz gain, isolamendu galerietan bizitzea dakarrena barne, tortura basatiak pairatu dituzte komisarietan. Noren eskutik eta ongi etorri hauengatik irainduta sentitu diren “biktima” horietako batzuengandik hain zuzen ere, euskal militanteen erailketak txalotzen, babesten, gauzatzen, erabakitzen edota agintzen zituzten (eta dituzten) horiengandik.

Dagoeneko ETA ez da existitzen baina bekatu originala den biolentzia estrukturala bai. Eta horixe da koska, biolentzia hori sistemak ezartzen dituen parametroetatik kanpo mugitzen den ororen aurka erabiltzen dutela, borroka egin nahi duen ororen aurka

Hegoafrika, Irlanda eta Kolonbiara asimilazioa eraman duten inperialismoaren txotxongiloen eskutik Euskal Herrira errezeta berbera ekarri dutenek, esaten digute zelan egin behar diegun harrera gutarrei, ustezko elkarbizitza baten izenean. Jatorrizko biolentziaren aurka borrokatzeari biolentzia deitzen diotenek, benetan egiten dutena biolentziari aurpegia zuritzea da. Argi dago haien bakea eta gurea ez direla berbera.

Haien helburua ez da ezein biktimaren memoria eta duintasuna gordetzea, baizik eta egungo egoera bere horretan mantentzea, langileria zapalduta eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak urratuta gutxiengo baten mesedetan. Horretarako ezinbestekoa dute bake burgesaren kontzeptua defendatzea, biolentzia estrukturalaren aurrean mutu eta iraultzailearen-defentsiboaren aurrean kexu.

Bakezale faltsu horietako bakar batek ere ez du txintik esan asteburu honetan bertan hiru gaztek salatutako jazarpen polizialaren harira. Dagoeneko ETA ez da existitzen baina bekatu originala den biolentzia estrukturala bai. Eta horixe da koska, biolentzia hori sistemak ezartzen dituen parametroetatik kanpo mugitzen den ororen aurka erabiltzen dutela, borroka egin nahi duen ororen aurka. Borroka egiteko dugun eskubidea eta zilegitasuna defendatzea tokatzen da, eta hori gehien eman dutenei merezitako omenaldia emanez ere egiten da. Ongi etorri etsaiaren atzaparretan tinko eta duin mantendu diren guztiei. Borrokaren bidetik lortuko dugu askatasuna.

Sendoa Jurado Garcia
Amnistiaren aldeko militantea