Bere senar Pablo Gonzalez kazetariaren kartzelaratze injustua salatzeko eta kazetaritza askea defendatzeko egiten ari den lanagatik, eta auzia lau haizetara zabaltzeagatik, Oihana Goirienak jaso du 2023ko merezimenduzko saria. Borrokaren arpegi bilakatu delako, eta ARGIAko komunitatearen indarra transmititu nahi diogulako eskaini diogu sari berezi hau.
Honengatik saritu du Oihana Goiriena ARGIAk:
"Injustizia larri bat oinarrian duen saria da ondorengoa. Urtebete egingo du laster kazetari batek Europa ipar-ekialdeko espetxe hotz batean, bere oinarrizko eskubideak nola urratzen dituzten ikusten. Freelance bat, hedabide edo estatu baten babes agerikorik gabe, egoera latz horri aurre egiten ia bere bakardadean.
'Zerbait azaldu aurretik, lehenik eta behin, zerorrek ulertu behar duzu, bestela gaizki goaz'. Hala zioen eskola zaharreko kazetari honek, ekaitz perfektu batek erdiz erdi harrapatu aurretik. Epaiketarik gabe preso, bere aurka fundamentuzko frogarik aurkeztu gabe, bahituta dauka Poloniak. Eta bere burua publikoki defendatu ezinean utzi dute komunikatzaile hau, inkomunikatuta.
Inguruko lagun eta senideak ez dira besoak gurutzatuta geratu ordea, eta gaur egun Pablo Gonzalezen kasua injustizia bat iruditzen bazaigu, hor beraiek egin duten lanak zerikusi handia du. Bere emazteak egindakoak, batez ere. Espetxean sartu zutenetik, ikusi dugu berdin hedabide handietan nahiz txikietan; legebiltzarretan edo gaztetxeetan. Behar den leku guztietan, beti, injustizia salatzen, senarraren askatasuna aldarrikatzen, gertatu dena etengabe audientzia berriei kontatzen, indarra transmitituz, eta batez ere, beti duintasun osoz.
Eta bide batez, kazetaritzaren defentsa egiten, azken aldian elite ekonomiko eta politikoen hain esaneko ikusten dugun ofizio honi gogoraraziz zintzotasunean dagoela bere edertasuna. Kazetaritza independente edo askerik gabe ez dagoela demokraziarik, eta Pablorekin egiten ari direna kazetari guztion aurkako erasoa dela".
Entzun sarituaren hitzak:
Oihana Goirienaren hitzak Merezimenduzko Argia Saria jaso ostean. Bere senar Pablo Gonzalez kazetariaren kartzelaratze injustua salatzeko eta kazetaritza askea defendatzeko, auzia lau haizetara zabaltzeagatik saritu dugu. @FreePabloGonz #argiasariak pic.twitter.com/Es7rZaNerT
— ARGIA (@argia) January 27, 2023