argia.eus
INPRIMATU
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak
  • Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 31
Ezkerretik eskuinera: Jesus Irujo. Nerea Urbizu eta Fermin Sarasa. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Arrazoi hauengatik izan da saritua Ene Kantak egitasmoa:

"Duela hamabost urte hasi zen dena, Nafarroan. Hizkuntza handietako haurrek normaltasun osoz gozatzen duten bezala, haur euskaldunentzat sortutako abestiak eta bideoak Youtubera igotzen hasi ziren. Ikastetxeetan bideoklipak grabatu, eta gora. Hasiera-hasieratik harrera bikaina izan zuen, bereziki Nafarroako haur euskaldunen artean, eta ordutik igoera esponentziala ezagutu du proiektu honek.

250 bideo baino gehiago igo dituzte, 76.000 harpidedun dituzte Youtuben eta 100 milioi ikustaldi baino gehiago. Hau da, 100 milioi aldiz ikusi dituzte Euskal Herriko haurrek beren bideoak. Hamar disko eta lau liburu argitaratu dituzte, eta antzokietan zortzi ikuskizun taularatu. Erdietsi duten arrakastaren adierazle, ETBk ere fitxatu zituen ETB3 katerako eta bost denboraldiz, 1.250 kapitulu baino gehiago eman dituzte.

Honela diote: 'Gure hizkuntzari garrantzia emango dion komunitate bat eratzen ari gara, euskara gure etxeetan eta gure seme-alaben bihotzetan nahi baitugu, euskara bere izatea'".

“Gure ibilbidea saritu da, euskararen alde egindako apustua”. Ene Kantakeko Nerea Urbizu eta Jesus Irujok diote ohorea izan dela Merezimenduzko Argia Saria jasotzea, eta txiki-txikitik hasi ziren proiektuaren ibilbideari egindako aitortza eskertu dute. Entzun hemen saria jaso osteko beraien hitzak: