Durangoko Hitz liburu-dendan otu zitzaidan Saturraran operak merezi zuela kritika. Jose Julian Bakedanoren arrapostua batetik, liburu-dendako Gaizka Olabarriren berben ilusioa, horrenbeste urtean Hitz liburu-dendako ardura eraman izan duen Nekane Bereziartuak opera hori ikusteko eta entzuteko adierazitako gogoa… eta ikusirik euskal prentsak ez duela berbarik idatzi opera jokatu ostean, hemen hiru-lau berba kontuari buruz.
Guridiren Amaya 1920ko maiatzaren 22an jokatu zen lehen aldiz Bilboko Coliseo Albian. 2024ko ekainean, Kirmen Uribek eta Juan Carlos Perezek atondutako Saturraran gozatu dugu, bi egunez. Mendea egin du operak isilik, euskaraz bederen. Horra lehen gogoeta. Sarean ikasten hasi eta Euskal Kultur Erakundearen gunean zera irakurri daiteke: “Lehen 'euskal' opera 1884an agertu zen Donostian, ihauteriak kari. Pudente ikusgarri dibertigarria da”. Serafin Baroja eta Jose Antonio Santestebanek sortua. Partitura galdurik da aidanean.
Arriaga betean aditu genuen, bada, Saturraran obra. Taula gainean arrantzaleak, eta oroz gain bi neska. Ane (arrantzalearen alaba) eta furgonetan heldu berria zen Luna. Erakarmena. Hondartza. Maitasun berria. Eta mundu are berriagoak. Berba bat ikasi diot Kirmen Uriberi: lupua. Eszenatoki gainean ingelesez heroin irakurri dut, caballo elearen aldamenean. Pozoitu nau Kirmen Uriberen lanak. Engantxatu. Eta adi-adi jarraitu dugu opera moldez, XXI. mendean sortu lehen obra. 1980ko hamarkadara garamatza. Ondarroa dugu denok buruan. Eta libretoko esaldiak kantuz jarriz abeslari ezin trebeagoak.
Bilboko Orkestra Sinfonikoa taularen azpian. Bilboko Koralaren hainbat agerraldi. Bikainak. Juan Carlos Perezek sortutako lana. Ezin abesti deitu han entzundakoei. Ez dago melodia askorik. Kanturik ez da. Labur eta zehatz abestera behartuak dira interpreteak. Keinuren bat egin diote Boga Boga ezagunari, baina ez da abesten; ez dago abestirik.
Melodia eta kantuzale gara euskaldunok. Horren hutsunea nabaritu dut. Operaren ostean, alde zaharreko tabernetan izan ditugun elkarrizketetan, batek baino gehiagok gura izan du abestiren bat. Zeozertxo. Juan Carlos Perezen hautua ordea, bortitzagoa izan da. Ertzekoa. Egoera bera bezala. Bi neska protagonisten patuaz pentsatzen hasi naiz une batez, bizi izan zituzten une atsegin haiei omenalditxoa bazegokiela. Bake-bakean joan zen Ane. Itsasoak eraman zuen. Lurrean geratu da Luna. Eta gu, ikusten genuenari so. Zur eta lur. Obra eder bat. Eszenografia bikaina. Irudimena bor-borka. Orduko garaiaren bertsio modernoa. Paretan margotutako aldarrikapen eta protesta eta guzti, gainera. Euskaraz idatzi eta sortu den operarik garaikideena. Euskal kulturgintzaren ikur izan zitekeen lan bat. Saturrarandik mundura eroateko modukoa. Ba ote? Saio gehiago egitea funtsezkoa litzateke. Eta libretoa argitaratzea, paperean, zer gutxiago. Gure hizkuntzak, gure herriak merezi du.