argia.eus
INPRIMATU
Mercedeseko zuzendaritzak uko egin dio seigarren gaua inposatzeari
  • Lan hitzarmena berritzeko negoziazioak desblokeatu eta akordioa sustatu asmoz hartutako erabakia da. Ostiralean ere seigarren greba eguna masiboki jarraitu dute langileek, eta gaur gaurkoz beste hiru greba egun daude deituta hurrengo asterako.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko uztailaren 08a
Argazkia: Hala Bedi

El Correo-k iragarri du Mercedeseko zuzendaritzaren erabakia. “Gasteizko Mercedesek amore eman du bere eskakizun nagusietako batean, akordioa errazteko”, da El Correo-ren berriaren titularra. Izan ere, langileek sei gau jarraian lan egitea izan da enpresaren asmo nagusietako bat lan hitzarmen berriaren negoziazioan, eta puntu hori izan da aldi berean langileen artean kontrakotasun handienetakoa sortu duena. Langileen beste aldarrikapen nagusia soldata igoera KPIrekin lotuta egotea da, baina badira beste batzuk ere. Ostegunean egin zuten azken bilera sindikatuek eta patronalak, baina antzua izan zen, zeren zuzendaritzak hasieran jakinarazi baitzien sindikatuei negoziazioak bertan behera uzten zituela greba deialdiak dauden bitartean. Gaur iragarri denez, ordea, enpresaren zuzendaritza sindikatuekin bilduko da asteartean.

Asteartean bilera

Momentuz sindikatuek ez dute enpresaren urratsaren inguruko baloraziorik egin. UGT, CCOO, Ekintza eta Pim sindikatuek, aste honetako eta hurrengo asteko grebak babesten ez dituztenak, ostegunean eskatu zioten enpresari seigarren txandari uko egin diezaiola negoziazioei berriz heldu ahal izateko. Ostegunean ere, ELA, LAB eta ESK-k iragarri zuten langileen asanbladak berretsita erabaki dutela hurrengo asteazken, ostegun eta ostiralean grebara deitzea. Lehenago, asteartean, sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko bilera egongo da azkenik.

Seigarren greba egun arrakastatsua

Ostirala azken bi asteotako seigarren greba eguna izan dute Mercedesen, eta aurrekoetan bezala, langileen jarraipena masiboa izaten ari da eta produkzio katea geldituta dago.