argia.eus
INPRIMATU
Mercedeseko zuzendaritzak eta UGT, CCOO, Ekintza eta PIMek aurreakordioa sinatu dute, grebalariek greba mantentzen duten bitartean
  • Langileen bi aldarrikapen nagusietako bat onartu du enpresak –seigarren gauari uko egitea–, baina ez bigarrena –soldataren igoera KPIaren araberakoa izatea–. ELA, LAB eta ESKk asteazkeneko greba eta asanblada mantentzen dituzte. Aurreakordioa astelehenean bozkatuko da erreferendumean.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko uztailaren 13a
Argazkia: Hala Bedi

Aurreikusitako eszenatoki nagusia bete da: UGT, CCOO, Ekintza Eta PIM sindikatuek aurreakordioa sinatu dute enpresarekin, seigarren txandari uko egin dio enpresak baina soldataren igoera ez dago KPIari lotuta, eta adostutakoa erreferendumean bozkatuko da.

Luze joan da astearteko bilera, zortzi orduz luzatu ziren negoziazioak. Hasiera batean sindikatu guztiek batera aurkeztu diote proposamen bat enpresari, besteak beste 2021 eta 2022 urteetarako soldata igoerak jasotzen zituena. Zuzendaritzak ez du onartu, eta UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek beste proposamen bat egin dute eta enpresak onartu du. Hauek dira aurreakordioaren puntu nagusiak:

- Gaueko txandan sei gauez jarraian lan egiteko aukerari ez.

- 500 euroko ordainsari ez-finkagarri bat hitzarmena sinatzean.

- 4.000 euroko ordainsari ez-finkagarria 2021 urterako.

- %6ko soldata igoera finkatua 2022rako.

- Urteko %2,25eko igoerak 2023-2026 aldirako.

Greba eta asanblada

Aurreakordioa onartu ez duten ELA, LAB eta ESKk iragan astean deitu zuten greba aste honetako asteazken, ostegun eta ostiralerako. “Ikusirik ELA, LAB eta ESKk plantillarekin hartutako konpromisoak ez direla betetzen, greba eta asanblada mantentzen dira”, iragarri dute astearte iluntzean zabaldutako oharrean. Zuzendaritzak seigarren gauari “letra txikirik gabe” uko egitea “plantillaren mobilizazioari esker” lortu dela txalotu dute, baina azpimarratu dute aurreakordioak ez duela KPIaren araberako soldata igoera jasotzen, eta hortaz “langileen eros ahalmena bermatu gabe” jarraitzen duela. Asteazken goizean langileen asanblada deitu dute, eta bertan erabakiko da zer egin ordutik aurrera.

Astelehenean erreferenduma

Erreferendumean onartu edo baztertuko dute langileek aurreakordioa, uztailaren 18ko astelehenean. Aurreakordioa sinatu duten sindikatuek ordezkaritzaren %55 dute, sinatu ez dutenek %45, baina azken asteetako grebek jarraipen ia erabatekoa izan dute, gutxiengoa duen blokeak soilik deitu baditu ere. Akordioaren edukiak ez ezik, hurrengo egunetan gertatzen denak baldintzatuko du ziurrenik erreferendumaren emaitza.