Asteazkeneko greba deialdia ELA, LAB eta ESK sindikatuek egin dute, eta jarraipena %95ekoa izaten ari dela adierazi dute. Lan hitzarmen berriaren negoziazioen inguruan hitz egiteko asanblada irekia deitu dute. Ekainaren 30erako eta uztailaren 6rako greba deialdi bateratua dago.
Iragan asteko grebaren arrakasta errepikatu da ekainaren 29ko asteazkenean, desberdintasun esanguratsu batekin: ekainaren 22ko greba enpresa batzorde osoak deitu zuen, baina gaurkoa ELA, LAB eta ESK sindikatuek soilik (enpresa batzordearen %45). Enpresa Batzordearen barruan bi bloke eratu dira, posizio oso ezberdinak dituztenak lan hitzarmen berria negoziatzeko moduei eta edukiei dagokionez: ELA-LAB-ESK, batetik; CCOO-UGT-EKINTZA-PIM, bestetik. Baina ematen du bereziki seigarren txandarekiko langileen aurkakotasun erabatekoak langileak batu dituela sindikatuen banaketaren gainetik. Zuzendaritzak proposatzen duen seigarren txanda onartuko balitz, gaueko txandan ari diren langileek sei gauez jarraian egingo lukete lan enpresak beharrezko iriztean (egun bost gau jarraian egiten dute lan).
Bi blokeen arteko beste desadostasun bat langileen asanblada irekiaren ingurukoa da. ELA, LAB eta ESKk asanblada deitu nahi zuten bertan erabakiak hartzeko, UGT eta CCOOk ez. Langileen gehiengoak asanblada deitzearen alde sinatu zuen, baina azken bi sindikatuek uko egin zioten halere. Asanblada irekia egin da gaur azkenik, baina ELA, LAB eta ESK sindikatuek soilik deituta.
Bi greba egun bateratu
Bi blokeek bai lortu dutela bi greba egun deitzea. Lehenbizikoa biharkoa da, Arabako Metalaren greba orokorrarekin bat egiten duena. Bigarrena uztailaren 6rako dago iragarria. Ikusteko dago gaurko asanblada irekian langileek bestelako deialdirik adosten duten. Lan hitzarmena berritzeko negoziazioak urte eta erdi darama blokeatuta, eta gatazka zein tentsioa nabarmen areagotu dira zuzendaritzak iragarri zuenetik 1.200 milioi euroko inbertsioa egiteko prest zegoela langileek "malgutasun handiagoa" onartzeko baldintzarekin.