Ekaineko eta uztaileko greba egun historikoen oroimena bizi-bizi dagoela heldu dira Arabako lantegi nagusiko hauteskunde sindikalak. Enpresa batzordearen osaera irauli dute emaitzek: grebak bultzatu zituzten sindikatuen blokeak (ELA-LAB-ESK) %24,5eko igoera izan du bozetan, eta 14 ordezkaritik 18ra pasa da; greben aurka eta enpresaren alde egin zuen blokeak (UGT-CCOO-Ekintza-PIM) bozen %30,9 galdu du, eta 17 delegatu izatetik 11n geratu da.
Ostegunean egin dira Gasteizko Mercedeseko lantegiko hauteskunde sindikalak, milaka langile kalera atera zituzten greba egun historikoetatik lau hilabetera. Gatazkaren hasieratik enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuak bi bloketan banatu ziren: enpresaren nahien aurka eta greben alde posizionatu ziren ELA, LAB eta ESK (batzordearen %45); enpresaren alde eta greben aurka UGT, CCOO, Ekintza eta PIM (%55). Sindikatuez harago langileek, nolanahi ere, masiboki babestu zituzten greba deialdiak asanblada irekietan. Hauteskundeen emaitzek argi utzi dute langileek nor saritu duten, eta nor zigortu.
ELAren garaipen historikoa UGTren kaltetan
Irabazleen artean, bozetan ESK sindikatua izan da gehien hasi dena (213); delegatu kopuruan ELA (2); LABek ez du bozetan nabarmen egin gora, baina ordezkari bat irabazi du. ELAk, gainera, nagusiagoa kendu dio UGTri bozetan zein ordezkarietan, garaipen historikoa. Galtzaile nagusia UGT izan da, bere nagusitasuna galdu du, 7 ordezkari izatetik 6 izatera pasa da, eta 300 boz utzi ditu bidean; CCOO 2018ko ordezkari berdinak eskuratu ditu 33 boz galdu arren; eta muturreko handia hartu dute Ekintzak (3 ordezkaritik 1era, eta bozen erdia baino gehiago galduta) eta PIMek (ordezkaritzarik gabe geratu da).
Blokeka, indar harremanak iraulita
Emaitzak greba eta gatazka asteetan eratu ziren bi blokeen arabera neurtuta, eraldaketa erabatekoa da. 2018tik batzordearen gehiengoa zuen UGT-CCOO-Ekintza-PIM blokeak, ordezkarien %54,8arekin. Osteguneko hauteskundeen ostean %38an geratu da. ELA-LAB-ESK blokeak, aldiz, %45,2tik %62ra egin du jauzi. Bozen ia laurdena galdu du UGT-CCOO-Ekintza-PIM blokeak (-692); ia heren batean egin du gora, aldiz, ELA-LAB-ESKrenak(+ 439).
Mehatxupeko erreferendumaren emaitza
Begi asko zeuden jarrita Mercedeseko hauteskunde sindikaletan. Iragan ekainean Arabako enpresa handienak 1.200 milioi euroko inbertsioa agindu zuen, baina baldintza bat jarrita langileei: “malgutasun” handiagoa onartu beharko lukete, tartean sei gau jarraian lan egitea. Erakunde publikoen, komunikabide dependenteen, enpresarien eta zenbait sindikaturen presio bateratuari desobedituz, langileen grebak hainbat egunez gelditu zuen produkzioa –hiru hamarkadatan lehenbiziko aldiz–. Gatazkaren hasieratik enpresa batzordean ordezkaritza duten sindikatuak bi bloketan banatu ziren. Uztailak 18an greben aurkako sindikatuek eta enpresako jabeek adostutako lan-hitzarmena bozkatu zuten langileek erreferendumean, eta %57ak baiezkoa eman zuen. Azken hauteskundeetako emaitzek argi frogatzen dute hitzarmenaren onarpenak gehiago izan zuela mehatxuen aurreko beldurretik –“Ezezkoa amaieraren hasiera litzateke”, esan zuen Mercedeseko zuzendari Emilio Titosek; errepikatu zieten langileei greben aurkako sindikatuek; haizatu zuten komunikabideek–, konbentzimendutik baino.