argia.eus
INPRIMATU
Mercedeseko langileak “engainatu” dituztela salatu du LABek
  • “Oso larritzat” jo ditu Bingen Zupiriaren adierazpenak LABek. Behin aurreakordioa onartuta iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsioa egin dezan Mercedes “konbentzitzeko” ordua dela esan du Jaurlaritzako bozeramaileak. Inbertsioa aurreakordioarekin lotu zutenek nahitara "iruzur" egin dutela dio sindikatuak. Mercedeseko ELA, LAB eta ESKk positiboki baloratu dute langileen asteotako borroka.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko uztailaren 21
Argazkia: Hala Bedi

Jaurlaritzako bozeramaile Zupiriak asteartean baloratu zuen Mercedeseko erreferendumaren emaitza. Langileen %57k zuzendaritzak eta enpresa batzordearen parte batek sinatutako aurreakordioa onartu zuen, nahiz eta grebaren pisua eraman duten tailerreko langileen artean ezezkoa gailendu. Zupiriak erreferenduma “normaltasunez” eta parte hartze handiz burutu izana goraipatu zuen, eta akordioarekin langileek garai baterako “lan eskubideak bermatuta” dituztela azpimarratu. “Orain guztioi geratzen zaigun erronka da Mercedes konbentzitzea Gasteiz dela tokirik egokiena Europako tokiren batean burutuko duen inbertsioa egiteko”.

Bozketa baldintzatu

Haserrea erakutsi du LAB sindikatuak Zupiriaren hitzengatik: “LABen ustez argi geratu da erakundeek, enpresako zuzendaritzak eta sindikatu sinatzaileek Mercedeseko langileak engainatu nahi izan dituztela”. Enpresak ekainean iragarri zuen 1.200 milioi euroko inbertsioa egiteko asmoa, baina baldintza bat jarriz: langileek lan-hitzarmen berrian “malgutasun” handiagoa onartzea. Erakunde publiko nagusiak eta hedabide dependiente publiko eta pribatu handienak zuzendaritzaren proposamenaren alde egin zuten ordu gutxiren buruan. Erreferendumaren atarian ere zuzenean lotu zituzten erreferendumaren emaitza eta inbertsioa. LABen esanetan, behin aurreakordioa onartuta “erronka” Mercedes “konbentzitzea” dela esateak erakusten du “inbertsioak eta bozketaren emaitza batzen zituztenek bozketa baldintzatzeko baino ez zutela egiten, langileak presionatuz eta plantillaren borroka desaktibatzeko”.

"Borrokaren hasiera"

Mercedeseko sindikatuen artean ELA, LAB eta ESK izan ziren aurreakordioaren aurka bozkatzera deitu zutenak. Erreferendumaren emaitza eta aurreko ateetako grebak eta mobilizazioak baloratu dituzte ohar bateratuan. Baietzak irabazi arren borrokaren emaitza ez da “etsigarria” izan, sindikatuen ustez. Kontrara, langileen borrokak zuzendaritza eta zenbait sindikatuk “nahi zuten akordioa ez sinatzea” ekarri duela iritzi diote, seigarren gaua atzera bota dutela azpimarratuz. Eskerrak eman dizkiote “uneren batean borroka egin duten” langile guztiei, baita beldurragatik akordioaren aurka egon baina alde bozkatu dutenei ere.

Azken asteetako borroka inflexio puntua izan da ELA, LAB eta ESKren esanetan. “Bidearen hasiera da. Frogatuta geratu da gure lan-baldintzen alde borrokatzen ez bagara enpresa, klase politikoa eta zenbait sindikatuk beren aurka egingo dutela, milioietako irabaziak izanik ere duten muga bakarra gu jartzeko gai garena baita”.

 

 

 

du.