argia.eus
INPRIMATU
Mercedeseko kontratazio-iruzurra salatu dute, giza baliabideetako arduradun nagusiaren bisita probestuz
  • Egunotan, Gasteizko Mercedes-Benzeko kontratazio-iruzurra salatzen ari dira LAB, ELA eta ESK sindikatuak. “Lantegiko zuzendaritzaren jarrera ez babestea erabaki dugu, normala ez den egoera baten aurrean normaltasunez jokatzea bailitzateke”.

Hala Bedi @halabedi 2017ko azaroaren 17a

Wilfried Porthek, Mercedes-Benz enpresako giza baliabideetako arduradun nagusiak Gasteizko lantokia bisitatu du. ELA, LAB eta ESK sindikatuetako atal sindikalek ez dute harrera ofizialean parte hartu, eta jarrera horren zergatiaren berri eman dute.

Harreran, enpresa-batzordeko ordezkari ofizialak, lehendakaria eta idazkaria ez dira gonbidatuak izan: soilik atal sindikalak gonbidatu dituzte: “Enpresa-batzordearen ordezkari nagusia gutxietsi dutela ulertzen dugu”, adierazi dute hiru sindikatuek.

Gainera, bisita abagune "berezian" kokatu dute sindikatuek. Iruzurrezko kontratazioa salatzen ari dira egunotan LAB, ELA eta ESK: “Lantegiko zuzendaritzaren jarrera ez babestea erabaki dugu, normala ez den egoera baten aurrean normaltasunez jokatzea bailitzateke”.

Baina salaketaz gain, beraien prestutasuna agertu diete PORTHi eta Daimler taldeko zuzendaritzari: “Negoziazio prozesu bati ekin diezaiogun, Eusko Jaurlaritzaren babespean, iruzurrarekin amaitzeko, kontrataziorako irizpide garden eta ez-diskriminatzaileak ere adostuz".

 

Artikulu hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.