Abiadurak eta tenperaturak gora jarraitzen dute Mercedeseko lan hitzarmena berritzeko gatazkan. Langileen mobilizazioak eta batasunak ezustean harrapatu ditu eragile nagusiak, ohiko indar harremanak eraldatu dira. Zuzendaritza eta berarekin harreman estua duten sindikatuek, baita erakunde publikoetako ordezkariek eta hedabide publiko eta pribatu nagusiek egoera birbideratzeko hainbat saiakera egin zituzten iragan berri den astean. Uztailaren 11ko aste hau erabakigarria izan daiteke gatazkaren emaitza erabakitzeko orduan. Aurreko astean gertatuak eta aste honetarako aurreikus daitezkeen mugimenduak laburtuko ditugu.
Patronalaren lehen mugimendua
Asteartean enpresak proposamen berritua aurkeztu zien sindikatuei, mobilizazioetan nagusitu diren bi aldarrikapen zentralak aintzat hartu gabe (sei gau jarraian lan egiteari ezetza, eta soldataren igoera KPIra lotzea). ELA, LAB eta ESK-k (enpresa batzordearen %45) ez zuten aurrerapenik ikusi eta asteazkenetik ostiralera deituta zituzten grebak mantendu zituzten; UGT, CCOO, Ekintza eta PIM-ek (batzordearen %55) baloratu zuten bazirela aurrerapausoak eta negoziazioa sustatu asmoz greba deialdia (asteazkenekoa soilik zuten deitua) bertan behera utzi zuten. Asteazkenean, langileen %95ak egin zuen bat enpresa batzordearen %45ak deitutako grebarekin.
Patronalaren bigarren mugimendua
Ostegun goizean zuzendaritzak negoziazioak eten zituen langileek mobilizazioak baztertu arte, eta arratsaldean egindako asanbladan langileek ELA, LAB eta ESKren planteamendua berretsi zuten, uztailaren 13, 14 eta 15erako greba berriak deituz. UGT, CCOO, Ekintza eta PIMek enpresari eskatu zioten seigarren gaua baztertu zezala negoziazioa ahalbidetzeko. Ostiraleko lehen ordutik, seigarren egunez bi astetan, grebak jarraipen masiboa izan zuen, produkzio katea eten zuen eta milaka langile atera ziren kalera. Ostiral eguerdian enpresak posizioa aldatu eta filtrazioa egin zion El Correo-ri: zuzendaritzak seigarren gauari “uko” egiten zion, eta astearterako negoziazio-mahaia deitzen zuen.
UGTren mugimendua
Ordu batzuk geroago oharra kaleratu zuen UGT-Mercedesek –ELArekin batera ordezkari gehien dituen sindikatua da UGT, zazpirekin–. Batetik, El Correo-ren informazioa berretsi zuen sindikatuak, enpresarekiko aitortza tonuan: “Enpresak seigarren gaua baztertzen du bere proposamenetik behin-betirako, plantillaren aldarrikapenari kasu eginez. Eta lan hitzarmenaren negoziazioan aurrera egitea helburu, negoziazioa mahaiaren 38. bilerara konbokatu gaitu, uztailak 12ko asteartean”. Bestetik, greba deitzen zuten sindikatuek deialdiak bertan behera utzi zutela ziurtatzen zuen, “UGTk eskatuta” hartutako erabakia zela nabarmenduz: “UGTk horrela eskatuta, greba deitu duten sindikatuek hurrengo asteko grebak bertan behera utzi dituztela adierazi dute”. Jarraian sindikatu horien aurka egiten zuen UGTk: “Plantillarekin beren kabuz egiten dituzten akordioen gainetik, unilateralki erabaki dute grebak bertan behera uztea”. Egun bat lehenago ere, beste ohar batean, gogor egin zuen UGTk greba deitzaileen aurka, mobilizazioak sustatuz “30.000 familiaren etorkizuna boikotatzea” leporatuta.
ELA, LAB eta ESKren mugimendua
Ostiral iluntzean komunikatu bateratua zabaldu zuten ELA, LAB eta ESKk, UGTk esandakoa goitik behera gezurtatuz: “UGT gezurretan ari da, bere afiliatuei eta langileei”. “Iparra erabat galdu" duela eta, harremana “ezinezkotzat” ematea erabaki dute hiru sindikatuek. Salatu zuten gehiengo sindikalak “bere lorpentzat” saldu nahi zuela enpresak seigarren gauari uko egin izana, “jakin dakigunean plantillaren meritua dela bere osotasunean, eta gehiengo sindikalak ez duela horren aldeko borrokarik egin. Enpresaren eta zenbait sindikaturen arteko elkar-hartze berri baten aurrean gaude”. Elkar-hartze horren helburua langileak “desmobilizatzea” dela salatu zuten, eta orain arteko bidean berretsi ziren: “Gauza bat argi dago: plantilla eraldatzen ari da aurreko negoziazioetan inposatu zaigun ohiko gidoia eta ildo beretik jarraitu behar dugu”.
Aste erabakigarria
Uztailaren 11n hasten den astea erabakigarria suertatu daiteke lan hitzarmen berriaren edukia definitzeko gatazkan. Asteartean zuzendaritzak negoziazio mahaira deitu ditu sindikatuak. ELA, LAB eta ESK-k gaur gaurkoz asteazken, ostegun eta ostiralerako deitutako grebak mantentzen dituzte, eta astearteko bileran gertatzen denaren arabera baloratuko dute deialdiak mantendu edo bertan behera utzi. “Soilik bi aldarrikapen nagusien inguruan –seigarren gaua ez eta KPIaren araberako soldata igoera– aurrerapen argiak egotekotan utziko ditugu bertan behera greba deialdiak”. Zer gerta daiteke astearteko bileran? Ostiraleko sindikatuen komunikatuek pista batzuk ematen dituzte.
Aurreakordioa?
UGT enpresarekin “aurreakordio” bat ixtearen alde egin zuen ostiraleko komunikatuan, eta sindikatu grebalariek susmoa agertu zuten bloke horretako sindikatuek jada aurreakordio hori itxita izan dezaketela. Edukiari dagokionez, ematen du enpresak baztertu duela seigarren txanda inposatzea, baina KPIren araberako soldata igoeratik oso urrun dago –ahaztu gabe badirela aldarrikapen gehiago ere–. Asteartean sindikatu batzuek eta enpresak aurreakordio bat aurkeztekotan, ikusi beharko litzateke zeintzuk diren edukiak, eta eduki horiek nola baloratzen dituzten langileek.
Erabakitzeko moduei dagokionez, UGTren oharrak aurreakordioa langileei “erreferendumean aurkeztea” proposatzen zuen. ELA, LAB eta ESKren oharraren azken puntuak honela zioen, aldiz: “Plantillan gero eta zabalduago dagoen beste aldarrikapen baten alde ere borrokatuko dugu: ez dezala inork erabaki norberari eragiten ez dioten neurrien inguruan”. Gaiak badu mamia.
Erreferendum Vs asanblada
Mercedesen 4.600 langile inguru daude: 3.800 tailerrekoak; 800 bulegokoak. Seigarren txandak, esaterako, tailerreko langileei soilik eragingo lieke eta tailerreko langileak izaten ari dira greben protagonista.
Batetik, eta ikuspegi politiko orokorretik, langile guztiek hartu behar al dute parte zati bati soilik eragiten dioten baldintzak erabakitzeko orduan? Bestetik, eta indar harremanen aldetik, erabakitzeko moduak emaitza baldintza dezake. Hauteskunde sindikaletan bulegoko eta tailerreko langileek talde berezituetan bozkatzen dute. Lantegi guztia aintzat hartuta UGT-CCOO-Ekintza-PIM blokeak hamazazpi ordezkari ditu enpresa batzordean (%55), eta ELA-LAB-ESKk 14 (%45). Baina tailerreko emaitzak soilik hartuta blokeak berdinduta daude, hamahiru ordezkarirekin (bulegoan lau eta batekoa da emaitza, UGT-CCOO-Ekintza-PIM blokearen alde).
Edonola ere, gatazka honetan langileen posizioa ezin da murriztu ustez ordezkatzen dituzten sindikatuen jarreretara. Iragan asteko grebak ordezkaritza sindikalaren %45ak deitu zituen baina langileen %95ak jarraitu zuen. ELA-LAB eta ESK-k langileen asanblada ireki eta jendetsuetan egin dituzte beren proposamenak, asanbladak berretsi egin ditu –edo harago joan da, greba egun gehiago deituz–, eta asanblada horietan grebaren zein asanbladaren aurka dauden sindikatuen afiliatuek ere hartu dute parte. Asanblada erreminta garrantzitsua izaten ari da, sindikatuen arteko banaketa eta blokeoa gainditzeko, enpresaren aurrean batasuna mantentzeko edo hedabide eta erakunde publikoen mezuak indargabetzeko. Paper hori mantentzeak edo galtzeak eragin handia izan dezake gatazkaren bilakaeran.
Erronkak eta aukerak
Langileek batasun handia erakutsi dute orain arte, besteak beste zuzendaritzaren lan proposamenak eta jarrera autoritarioak bultzatuta. Batasun horri eta jendartearen babesari eustea zailagoa izango da langileen aldarrikapenetako batzuk jasotzen dituen aurreakordioa eta hori balioztatzeko erreferendum ‘demokratikoa’ aurkeztuz gero –ordezkari politikoen eta hedabide handien babesa izango lukeena–.
Erronka ez da nolanahikoa; baina inork ez zuen espero, orain bi aste soilik, langileek sei egunez geldituko zutela produkzioa, eta borroka horren ondorioz enpresak seigarren txandari uko egingo zionik.