Emilio Titosek lantegiaren etorkizuna lotu du asteleheneko erreferendumean langileek, patronalak eta sindikatu batzuek sinatutako aurreakordioari baietza ematearekin. Langileen gehiengoa aurreakordioaren aurka azaldu da. Urkulluk eta Tapiak aurreakordioa goraipatu dute.
Astelehenean erreferendumean bozkatuko dute langileek zuzendaritzak UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuekin sinatutako aurreakordioa. Aurreakordioak lantegiaren “etorkizuna” bermatuko lukeela esan du Emilio Titos Gasteizko Mercedeseko zuzendariak Radio Euskadin egindako elkarrizketan, eta ez onartzeak, aldiz, lantegiaren “amaieraren hasiera” litzatekeela. Ezezkoa ezin duela “irudikatu ere egin” adierazi du. Mercedeseko zuzendariaren arabera, enpresak “ahalegin handia” egin du aurreakordioa lortzeko, eta adostutako soldata igoera “nabarmena” dela iritzi dio.
Langileak aurka
Asteazkenean, aurreakordioa sinatu osteko egunean ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako grebaren jarraipen masiboak (%95 sindikatu deitzaileen arabera, % 75-80 enpresaren esanetan) langileen gehiengoa aurreakordioaren aurka dagoela adierazi du argiro. Egun berean egindako asanbladan ehunka langile elkartu dira, eta greba ostegun eta ostiralera ere zabaltzea erabaki dute. Langileek lortu dute enpresak seigarren txandari uko egitea, eta orain aldarrikapen nagusia da soldataren igoera KPIarekin lotuta egotea.
Jaurlaritza, alde
Asteazkenean Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia sailburuak ere egin dituzte adierazpenak, langileen gaineko presioa areagotuz. Biak ala biak agertu dira aurreakordioaren alde. “Zoriontzeko modukoa” dela adierazi du Urkulluk, eta Tapiak ziurtatu du “bi aldeek” egin dutela “ahalegin handia” beren posizioetatik mugitu eta adostasunetara heltzeko.