Hamalau kasu positibo antzeman dira langileen artean, eta 300 pertsona isolamenduan daude koronabirusaren ondorioz. Sindikatuek soldatak osatzeko ahalegina eskatu diote enpresari.
Astearte goizean jakinarazi du Mercedesek langile ia guztientzat aldi baterako lan erregulazio espedientea (ABLEE/ERTE) bat aurkeztu duela, ezinbesteko kausagatik eta alarma egoera amaitu arte; hau da, martxoaren 16tik -ekoizpena eten zen eguna- apirilaren 11ra arte, oraingoz.
Espedienteak lantegiko 5.000 langileei eragingo die, horietako bati izan ezik. Langileen batzordeak soldatak osatzeko ahalegina eskatu dio zuzendaritzari, ABLEEak irauten duen bitartean; izan ere, langabezia prestazioak soldataren %70a baino ez du osatzen.
Halere, Mercedes-Benz enpresako Gasteizko zuzendaritzak adierazi du multinazionalaren baimena behar duela gisa honetako akordio batera iristeko, eta berriro bilduko dira datozen egunetan.
Espedientearen memorian langileen artean 14 kasu positibo baieztatu direla aitortu du enpresak; horrez gain, 300 langile baino gehiago nahitaezko isolamenduan daude etxean.
"Zenbat egongo lirateke orain kutsatuta?"
ELA sindikatuak, ohar bidez txalotu du langileen eta enpresa batzordearen "jarrera eredugarria", iragan astean Gasteizko fabrikaren ekoizpena geldiarazteko abiatu zuten ekintza baketsuarengatik: "Mercedesen ohiko jarduerari eutsi izan baliote, zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak nahi zuten bezala, zenbat pertsona gehiago egongo lirateke orain Gasteizen kutsatuta?", kritikatu du sindikatuak.
Halaber, ELAk gogor salatu du enpresaren jarrera, eta honek aurkeztu duen ABLEEa "ezinbesteko arrazoiak argudiatuta, legediaren gainetik inolako bermerik edo babesik gabe, eta oinarrizko babes neurriak betetzeko ezintasunaren ebidentzia aitortzera iritsi gabe" egindako proposamena dela diote.
"Bada garaia Mercedesek eta gainerako enpresek eredu bat eman dezaten eta benetako kezka adieraz dezaten garrantzitsua den horren inguruan: gizartearen parte garen pertsonen osasuna eta ongizatea", adierazi du ELAk, eta langileak bebesteko neurriak ezartzea eskatu dio enpresari.