argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA |
Mercedes: beldurraren (aurkako) erreferenduma

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko uztailaren 17a
Argazkia: irekia.eus

Astelehenean bozkatuko dute ia 5.000 langileek Mercedeseko zuzendaritzak eta enpresa batzordeko sindikatuen %55ak iragan asteartean sinatutako akordioa, langileen %95ak asanblada ireki oso jendetsuetan erabakitako grebarekin jarraitzen zuen bitartean.

Emilio Titos, Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendaria: “Aurreakordioari ‘ez’ esatea amaieraren hasiera litzateke”. Iñigo Urkullu eta Arantza Tapia: “Aurreakordioa zoriontzeko modukoa da”; “Ezin dugu aukera galdu”. Arabako enpresarien sindikatuaren eta Arabako Komertzio Ganbararen ohar bateratua, langileei: “Hausnartu dezatela akordio ezaren ondorioez”. Adierazpen horiek eta antzeko beste hamaika hedabide publiko eta pribatu dependenteen lerroburuetan aste osoan. UGT-Mercedes grebak indargabetzen saiatu zen –Twitter kontuarekin Titosen mehatxuak birtxiokatzen dituen bitartean (!)–, ziurtatuz ELA, LAB eta ESK-k bertan behera utzi zituztela deialdiak, hiru sindikatuek gezurtatu zutena. Horiena guztiena bai klase kontzientzia eta antolaketa. Arduradunak langileak “mehatxatzen” ari direla salatu dute aurreakordioaren aurka dauden sindikatuek: “Esaten diete Titosek bere sindikatuekin egindako akordioak baino ezin duela saihestu Mercedesek zortzi urtetan alde egitea. Ezezkoaren kasuan kontratu amaierak prest dituztela jakinarazten diete aldi baterako langileei”. Mercedeseko zuzendaritzak dio ikertuko dituela mehatxuak: aurreakordioaren aurka dauden langileek lankideei ustez egindakoak. Beldurra erreferendumaren atarian.

"Beldurraren mezulariek iradokitzen dute Mercedesek ezin duela gehiago eman, enpresaren bideragarritasuna kolokan jartzea litzatekeela. Gastu orokorren %6 diren soldata horiek, urtero milioitako etekinak dituen enpresa horretan"

ELA, LAB eta ESK-k "gardentasuna" eskatu eta salatu dute enpresaren erreferendumetarako araudia urratzen ari dela patronala. Erreferendumaren antolakuntzan parte hartzeko eskubidea dutela sindikatu guztiek, aurreakordioa sinatu duten gainontzeko sindikatuei hiru aldiz eskatu dietela horretarako hitz egitea baina ez dutela erantzunik jaso, eta aldiz enpresak jakinarazi duela bera izango dela galdeketa antolatuko duena. Bozkak sekretua izan behar duela baina enpresa bozka telematikoa sustatzen ari dela, berak sortutako aplikazio baten bidez. Enpresa langileen errolda pasatzeko betebeharra duela, baina (ostiraleko oharra) ez dutela jaso. Sindikatu bakoitzak hautes-mahaietan ordezkari bana izateko eskubidea duela, baina ez dakitela ezer mahai horietaz. Beldurra nahikoa izango ez ote den beldur, oximorona: erreferendum opakoa.

Grebek atzera bota dute enpresak inposatu nahi zuen seigarren gaua. Soldata igoeraren zenbatekoa da orain gatazka iturri zentrala. Beldurraren mezulariek iradokitzen dute Mercedesek ezin duela gehiago eman, enpresaren bideragarritasuna kolokan jartzea litzatekeela. Gastu orokorren %6 diren soldata horiek, urtero milioitako etekinak dituen enpresa horretan. Ekarri ditzagun gauzak bere neurrira: aurreakordioa onartzen ez duten sindikatu eta langileak ez dira produkzio bitartekoen sozializazioa eta kapitalismoaren amaiera aldarrikatzen ari; lan hitzarmen berriak egungoak esplotatzen dituena baina gehiago ez ditzan esplotatu ari dira borrokan (meritu izugarriz, testuingurua aintzat hartuta).

"Eta Mercedes bada Gasteiz, Araba eta Euskal Herria behar dituena?"

Beldurraren mezulariek diote aurreakordioari ezetz esatekotan multinazionalak alde egingo lukeela eta hori konpondu ezinezko kaltea litzatekeela, Gasteizek, Arabak eta Euskal Herriak Mercedes behar dutela bai edo bai. Ez naiz ni gaian aditua, baina, zenbat kostatuko litzaioke Mercedesi enpresa lekualdatzea? Hamarkadetan bere beharren arabera garatu diren enpresa eta langile kualifikatuen sarea beste inon eraikitzea? Bere neurrira egindako “kolaborazio publiko-pribatua” hain modu eskuzabalean garatuko duten erakunde publikoak aurkitzea? Eta Mercedes bada Gasteiz, Araba eta Euskal Herria behar dituena?

Asteleheneko erreferendumean Mercedeseko langileek beren lan baldintzak bozkatuko dituzte. Baina gatazkaren azken emaitzak beste langile askoren lan baldintzetan ere izango du eragina, bereziki metalean, Mercedes erreferentzia delako. Eta eragina izango du ere etorriko diren gatazka berrietan beldurraren estrategiari emango zaion erantzunean.

Beldurra beti izan da garrantzi handiko faktore politikoa. Eta aspaldiko garairik beldurgarrienean bizi gara eta kiskaltzen ari den (literalki eta metaforikoki) mundu honetan otzantasuna inposatzeko, boterea beldurraren estrategian sakontzen ari da. Beldurraren indibidualizazioaren aurrean, bere antolaketa kolektiboa erabakigarria izango da hurrengo urteetan. Zer dira bada greba sustengatu duten asanbladak, beldurra buru-gorputzetatik astintzeko erreminta kolektiboak ez badira?