Jundiz industrialdeko 150.000 metro karratuko lursail batean kokatuko da, eta zonaldeko dendak hornituko ditu. Gune logistiko berria supermerkatu katearen hamahirugarrena izango da, eta Espainiako Estatuko garrantzitsuenetakoa.
Patricia Cortizas Mercadonaren EAEko kanpo-harremanen zuzendariak adierazi duenez, lursaila eskuratzeko izapide guztiak bukatzerakoan jakingo dute zentro logistiko berriaren azpiegituren kostua eta zenbat enplegu sortuko dituen.
Lursailaren jabea Gilsa sozietate publikoa da. Gasteizko udalak honen %58,2a kontrolatzen du, eta Jaurlaritzak %41,8a, Sprilur enpresaren bitartez.
Cortizasek esan du baita ere ekimen hau “EAEn enplegu egonkor eta kalitatezkoaren sorrerarekin eta hazkunde ekonomiko eta sozialarekin laguntzeko” duten konpromisoaren isla dela.
EAEko lehenengo hiru dendak, urtea bukatu baino lehen
Urte bukaerarako Mercadonak EAEko lehenengo hiru supermerkatuak irekiko ditu Gasteizen. Hego Euskal Herriko lehenengoa iaz ireki zen Antsoainen. Sei urtetan 45 supermerkatu zabaltzeko intentzioa du Mercadonak.