argia.eus
INPRIMATU
Mercadonak bere dendetan lapurtzen duten pertsonak detektatzeko sistema instalatu du
  • Detektatu beharreko pertsonen irudiak enpresaren esku daude, eta bere establezimenduetatik urrun nahi dituen horiek identifikatzeko baliatu ditzake.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 02a

Mercadonak iragarri duenez, bere saltokietatik urruntze-agindua duten pertsonak atzemateko sistema bat ezarri du. "Segurtasun hobekuntza" hori Mallorca, Zaragoza eta Valentziako 40 denda ingurutan dago martxan ekainaren 1etik aurrera, "informazio afixetan azalduta".

Sistemak ezaugarri fisikoen identifikazio bidez funtzionatzen du, eta epai irmoa eta urruntze-aginduaren kautelazko neurria indarrean duten pertsonak detektatzen omen ditu "soilik eta esklusiboki”. Epaiek argazkirik jasotzen ez duten heinean, sistemak identifikaziorako baliatzen duen tresna aitortu du enpresak: pertsona horien irudia euren eskuetan dagoela. Urruntze-aginduak ebatzi diren epaiketetan froga gisa baliatutako irudiak datu basean gordetzen ditu Mercadonak, eta horrela, saltokietan sartzen den jendearekin uneoro konparazio-operazioa egiten ari da sistema.

Enpresak azaldu duenaren arabera, "sistemak arau-haustea detektatzea ahalbidetzen du, eta pertsona hori dela zientifikoki egiaztatu ondoren, segurtasun indarrei jakinarazten zaie". Era berean, teknologiak ez omen du informazio gehigarririk gordetzen, “0,3 segundotan ezabatzen baita".

Valentziako konpainiak azpimarratu duenez, neurria aplikatzerako orduan autoritate politiko eta administratiboekin harremanetan jarri da etengabe, "babes osoa eta berme legal guztiak eskuratzeko".