argia.eus
INPRIMATU
Menpekotasunarekin ere, etxean jarraitu nahi du zaharren gehiengoak
  • 55 urtetik gorako pertsonen bizi-baldintzak aztertzeko EAEn egin duten inkestaren arabera, asebeteta dagoen jende aktiboa da gehiengoa, zahartzaroaz sarri eman ohi den irudi ezkor eta infantilizatutik urruti.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urriaren 04a
Argazkia: tchabitat

55 urtetik gorakoen %75ek baino gehiagok nahiago luke etxean bertan egon, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza beharrean egon arren. Hala dio Eusko Jaurlaritzak bultzatuta Matia institutuak egindako azterketak. Europan, etxean edo etxean bezala bizitzea da orokortzen ari den filosofia eta 65 urte dituztenetik unean uneko premiei erantzungo dien etxebizitza eskaintza zabala dute –laguntza eta egokitzapen txikiago edo handiagoarekin–, alokairurako eta etxez aldatzeko kultura barneratuago baitute.

Gurean, “betiko” etxean jarraitzea edo egoitza batera aldatzea izaten da ohikoena, baina askok ez du egoitza maite. “Ohiko zahar-egoitzak gehiago daude pentsatuta hiltzeko, bizitzeko baino, eta ez dugu egoitza on batean bukatzeko adina dirurik. Ez da nahikoa oinarrizko arreta jasotzea, garbitu, jan eta janztea, beste era batera nahi dugu zahartu, independentzia nahi dugu eta bizimodu duina”, kontatu ziguten Asunek eta Fernandok erreportaje honetan, zahartzaroa bizitzeko modu ugari dagoela gogoratuz, kasu honetan etxebizitza kooperatiboetan. Besteak beste, elkarren arteko zaintza, izaera komunitarioa, autogestioa, bizi-kalitatea eta adinekoen autonomia dute helburu etxebizitza kooperatiboek. Belaunaldi uztarketa bultzatzen duten komunitateak ere badira.

Bilobak zaintzen

Datu interesgarri ugari ematen ditu Euskadi 2020ko 55 urtetik eta gorako pertsonen bizi-baldintzei buruzko azterlana delakoaren hirugarren edizio honek. Ia denek (%91,2k) jarduera fisikoren bat egiten dute, hamarretik kasik zazpik egunero, eta gehientsuenen ustez osasun egoera ona edo oso ona dute; egunerokoan laguntza behar dutenak (jateko, garbitzeko, janzteko…) %15,1 dira. Gehienak bikotekidearekin bizi dira, bigarren mailako edo goi-mailako ikasketak dituzte eta erretiro egoeran edo pentsioa jasotzen ari dira.

Emakumeen %14,1ek astero zaintzen dituzte bilobak, eta gizonen %8,7k.

"Bakardadea gizarte antolaketa honen ondorio bat da. Gero eta jende gehiago joaten gara mediku, apaiz edo psikologoarengana"

Bakardadea eta elkar zaintza

100etik 68,5eko balioa ematen diote adinekoek euren asebetetze mailari, Osasunaren Mundu Erakundeak diseinaturiko ongizate subjektiboaren eskalan. Eta beste muturrean, %7,2 bakarrik sentitzen dira beti, ia beti edo askotan. Azterlanak dio sentsazio hori areagotu egiten dela adinak aurrera egin ahala, eta pandemiak eragin negatiboa izan duela.

Esan dugu gehienek argi dutela, etxean bizitzen segi nahi dute, baina Iosu Ostaren esanetan, horrek badu bere arriskua: "Bakardadea gizarte antolaketa honen ondorio bat da. Jendea bere etxean bakartzen ari gara eta bakardadeak hiltzen gaitu. Egoera hau dela eta, gero eta jende gehiago joaten gara mediku, apaiz edo psikologoarengana". Ohiko beste irtenbidea, baina, ez du gustuko: "Zahar-etxea kaka zaharra da eta ez dut inor ezagutzen han bizitzeko gogoa duenik, baina onartzen dute beste erremediorik ez dutelako”. Soluzioa garbi du: cohousing-a edo etxebizitza kolaboratiboa. "Etxebizitza kolaboratiboetan badakizu sare bat duzula inguruan, zutaz kezkatzen diren pertsonak, zuri laguntzeko prest daudenak. Ez zara bakarrik sentitzen eta hori oso garrantzitsua da".