Aste hauetan bizi dugun egoera ekonomiko eta politikoak, bi gauza erakusten dizkigu. Bat: munduan, Europan eta estatuetan egiten diren politiken erabat menpeko garela, baita gas eta petrolio produkzioaren menpeko ere. Bi: gobernuen esku dauden politikak, aldi berean, ekonomiaren gorabeheren menpe daudela.
Horregatik da hain garrantzitsua zein talde politiko dagoen gobernuan, modu batean edo bestean, bi aldagai horiei aurre egiteko.
Europako mantsotze ekonomikoak egitate bat dirudi jadanik: Alemaniak “katarroa” dauka eta gainerako herrialdeak kutsatuko ditu. Txina eta AEBen arteko harremanak ez daude onenean, eta hori oso albiste txarra da esportaziora emanak dauden herrialdeentzat, Euskal Herria kasu.
Eta honen guztiaren erdian petrolioaren arazoa sortu da, Saudi Arabiako petrolio azpiegiturek ustez jasandako erasoaren ondorioz, Trumpek noski, Iran baitauka errudun. Eta AEBetako egungo presidentea ezagututa, Golkoko gerra berri bat eragin dezake horrek, kalte humano, sozial eta ekonomiko handiekin mundu osoarentzat. Horretara ez gara iritsi oraindik, baina garbi geratu da petrolioa gure ekonomiaren oinarria dela eta kontsumorako produktuak garestitzen ari dela, enplegua bera ere mehatxatuz.
Euskal Herria ere menpeko da, Espainia, Frantzia, Alemania, AEB eta Txinaren menpeko, baita petrolioaren menpeko ere. Menpekotasun ekonomiko-politiko horri aurre egiteko, beharrezkoa da lanean jarraitzea eta erabakitzeko eskubidearen alde borrokatzen segitzea, gehiengo sozialari mesede egingo dien politikak aurrera eramateko. Ezin dezakegu ahaztu, aukeratzen dugun gobernuaren arabera izango garela menpekoago, ala ez.