Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.
Herriz herri ibiltzen da Juncal Alzugaray Zurimendi fisioa klimaterioaren eta menopausiaren inguruko ikastaroak ematen. Sexologian eta zoru pelbikoan aditua da. Oraingoan, Klimateriotik menopausiara: Teoriatik gorputzera ikastaroa ematen ari da Altsasun (Nafarroa). Hilaren 11n egin zuen lehenengo saioa eta 18an eginen du azkena. Klimaterioan bizitako zenbait aldaketei aurre egiteko gakoak eman eta gaiaz naturaltasunez hitz egiteko beharra azpimarratu du.
Klimaterioa eta menopausia nahasteko joera dago?
Informazio falta handia dago eta hutsune bat. Paziente batek amari galdetu zion ea zelan bizi zuen menopausia. Amak erantzun zion ez zuela izan, ez zuelako beroaldirik sentitu. Menopausia beroaldiekin edo dramarekin lotzen dugu, baina ez dugu zertan horrela bizi.
Noiz hasten da bata eta noiz bestea?
Beti jartzen ditut paraleloan nerabezaroa eta klimaterioa. Nerabezaroan, hilekoa izan aurretik, gure gorputzak aldaketa batzuk jasaten ditu. Horietako batzuk, adibidez hormonalak, ez dira ikusten. Beste batzuk aldiz, bai, hala nola biloa eta titiak. Klimaterioa menopausiaren aurretik gertatzen den prozesua da eta nahiko ikusezina da. Aldaketa fisikoak daude, adibidez, gantzaren distribuzioa aldatzen da, beroaldiak izan ditzakegu, hilekoa ez da horren erregularra eta odol kantitatea aldatzen da. Bost eta hamar urte inguru irauten du, eta menopausia iristen denean amaitzen da. Orduan, zer da menopausia? Azken hilekoa. Horretarako, urte bat edo apur bat gehiago egon behar gara hilekorik gabe.
Aldaketa horiek guztiek nola eragiten dute gure osasunean?
Estrogenoen jaitsiera nabarmenak eragin handia dauka gure ehunen konposaketan. Alde batetik, gantza organo moduan lan egiten hasten da. Gure gorputza biltegi lana egiten hasten da, estrogenoen jaitsiera kudeatzeko gantza behar duelako. Hala, gantza pilatu egiten da, batez ere sabelaldean. Bestetik, ehunek hidratazioa eta malgutasuna galtzen dute, estrogenoen jaitsierak harreman zuzena duelako kolagenoaren finkaketarekin. Horrez gain, bitaminen finkaketan ere eragin dezake.
Zer egin daiteke aldaketa horien aurrean?
Funtsezkoena da informazioa izatea. Horretarako, emaginaren papera nahitaezkoa da, lehen mailako arretan behar dugun informazio guztia berak duelako. Azkenean, emaginak ez gaitu soilik haurdunaldian, erditzean edo erditze ostean laguntzen, bizitza osoan laguntzen digu. Ez badugu konfiantzazko emaginik, ahalduntze eskoletara jo dezakegu. Horietan, geroz eta gehiago hitz egiten da menopausiaz. Horrekin batera, nutrizioa zaintzea eta ariketa fisikoa egitea beharrezkoak dira. Ariketa fisikoa ez da bakarrik kanpotik geure burua ongi ikusteko, barrutik ere aldaketa ugari ematen dira giharrak lantzen ditugunean. Hala ere, gustuko dugun kirol bat bilatu behar dugu. Hobe da zeozer egitea, baina gustura, deus ez egitea baino.
Menopausia dramarekin lotzeko joera dagoela aipatu duzu. Zahartzearekin lotzeak zerikusia izan dezake horretan?
Exijitzen digute bizitza osoan politak eta gazteak izatea, eta menopausia iristen denean gaztetasuna eta freskotasuna galtzen ditugula dirudi. Nik gaur egungo señorak aldarrikatzen ditut. Uste dut zahartzea eta menopausia ospatu beharreko aukera bat direla. Beste era bateko gauzak bizitzeko aukera ematen digute.
"Askotan esaten dugu ondo gaudela, hori esan behar delako. Baina horrelako espazioetan zabaldu egiten gara eta kezkak partekatzen ditugu"
Patologizatzeko joera dago?
Gaixotasun modura bizi dugu menopausia eta asko medikalizatzen gaituzte. Egia da batzuetan medikazioak laguntzen duela, baina ez dugu medikalizatu behar biologikoki normala den gure bizitzaren prozesuaren parte bat. Menopausia patologizatu beharrean, etapa baten parte gisa bizi behar dugu.
Herri askotan eman dituzu tailerrak. Hitz egiteko beharra dago?
Erabat. Leku pila batetan egon naiz eta informazioa jasotzeko eta elkarbanatzeko behar handia dago. Askotan esaten dugu ondo gaudela, hori esan behar delako. Baina horrelako espazioetan zabaldu egiten gara eta kezkak partekatzen ditugu. Halakoak bakardade handiz bizi ditugu eta taldeak aukera ematen digu ikusteko ez garela bakarrak eta ulertzeko azalpen hormonal bat dagoela atzean.