argia.eus
INPRIMATU
Mendozaren korapiloa
  • Imanol Haranbururengan –edo beste edonorengan– konfiantzarik ez badu, ondo egiten du Jose Luis Mendozak Haranburu bere kargutik kentzen. Batez ere kargua arduraz betetzeko sailburuaren konfiantzazkoa izatea oso garrantzitsua bada. Planteamendu horrek logika osoa du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko urriaren 15a

Logikarik ez duena zera da, konfiantzarik ez duela azaltzeko ematen duen arrazoia, batez ere zein kargurako den kontuan hartuta: etakide izatea leporatuta Haranburu espetxean izan zela hainbat urtez. Mendozak, publikoki bederen, ez du gehiago azaldu eta horrela nekez uler daiteke zer ikustekorik ote duen preso ohi izatea Hizkuntza Eskoletako Bulegoko burua izateko konfiantzarekin.  Are gehiago, bere lankide ugarik –batzuk Hizkuntza Eskoletako zuzendaritzakoak– bere lana primeran egiten duela adierazi dutenean eta lan hori ere ondo beteko lukeela.

Edo Mendozaren konfiantzak baino, UPN eta abarren konfiantza eta nahien kontuez ari gara? Eta, berriro diot, gehiago azaltzen ez bada, susmoak esaten du konfiantza eza presio horien kontua dela batez ere.

Konstituzio eskubideak eta gisako bermeetan sartu gabe, gizatasuna bera nahiko arrazoi da adierazko bizikidetza eta normalizazio politikoari mesede gutxi egiten zaiela preso ohi bati bere bizitza erabateko normaltasunez eta berdintasunez garatzen uzten ez zaionean.

Zurrunbilo hau pasatu eta gero ez dut ideiarik Haranburuk kargu hori hartzeko gogorik izango duen, baina orain bakarrik falta da lehiaketara aurkeztea eta, meritu eta gaitasuna bertan ere frogatuta, kargua berriz eskuratzea.