argia.eus
INPRIMATU
Mendizale bat hil da Mugarra mendian jausi ostean
  • 41 urteko mendizale bat zendu da igande honetan Bizkaiko Mugarrra mendian, amildegi batetik behera erorita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman du ezbeharraren berri.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 17a
Argazkia: Wikimedia Commons

Gertakaria igande goizaldera jazo da. 10:40etan partikular batek larrialdi zerbitzuei jakinarazi die gizonezko bat Mugarran 30 metroko amildegi batetik erori dela.

Ertzaintzaren zaintza eta erreskate unitateko agenteak helikoptero batekin bertaratu dira, eta 41 urteko biktima aurkitu dute bertan. Ertzainak suhiltzaileekin batera jaitsi dira, gizonezkoa artatzeko. Bihotz-biriketako erreanimazioa egin dioten arren, ezin izan dute haren bizia salbatu.

Mendizalea Iurretara eraman dute helikopteroz, eta bertan Osakidetzako mediku batek heriotza baieztatu du. Antza denez, hildakoa Berrizko bizilaguna zen.

Alpeetako istripua

Bien bitartean, Suitzan aurrera darrai Alloko Diego Maezturen bilaketa operatiboak. Euriteek beste behin zaildu egin dute gazte nafarra topatzea. Maeztu asteazkenean desagertu zen Suitzan, bere hiru lagun hil ziren istripuan.