argia.eus
INPRIMATU
Mendizabalen kontrako auzia artxibatu dute sexu abusuek “preskribitu dutelako”
  • Fiskaltzak amaiera eman dio, momentuz, Gipuzkoako bikario nagusi ohi Juan Kruz Mendizabalen kontrako auziari. Hiru adin txikikori sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari ziren bikario ohia, baina fiskaltzak auzia itxi du gertaerak preskribituta daudelako. Kasuaren inguruko datu gehiago ezagutuko balira, berriz irekiko dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 16a
Juan Kruz Mendizabal, sexu abusuak egiteagatik salatutako apaiza. (Arg.: Goiena)

Elizak urtarrilaren 11n adierazi zuen prozesu kanoniko baten bitartez zigortu zutela Mendizabal, eta hurrengo egunean ikerketak hasi zituzten epaitegiek. Bi pertsonek salatu zuten bikarioa Elizaren aurrean 2016ko martxoan. Urtarrilean, kasua argitaratzerakoan, beste pertsona batek gertaera berdinak salatu zituen, baina ez Elizaren aurrean, baizik eta epaitegietan.

Aste honetan bertan, ETB1ek laugarren biktima baten kasua ezagutarazi du. Ustez, udaleku batzuetan egin zizkion Mendizabalek sexu abusuak 14 urte zituenean.

Elizak bikario ohiaren kontra irekitako zion prozesu kanonikoan diziplina eta administrazio zigorrak ezarri zizkioten. Komentu batean jarraitu beharko du bere jarduna, ezin izango da atera bertatik baimenik gabe, eta debekatua du adin txikikoekin bakarrik egotea, besteak beste. Hala ere, momentuz ez du jasoko epaitegien zigorrik.