Espazio autogestionatu baten aldeko kanpamendua zabalduko da larunbat honetan Mendillorriko Gazteluan, Iruñerrian, egun osoko egitarau batekin lagunduta.
Auzokide guztientzat "nortasun sinbolo bat" izan dena berreskuratu nahi dute Mendillorriko auzokideek. Espazio autogestionatu bat bihurtu nahi dute auzoari bizitza ematen dioten elkarte eta kolektiboek.
Mendillorri auzoan "hazi, jolastu, sortu, partekatu eta amesteko" proiektua eratu nahi dute Gazteluan. "Prozesu honetan ezinbestekoa da espazio kolektiboak berreskuratzea eta auzoaren arazo zein beharrak konpontzeko elkar ikaskuntzarako loturak ezartzea. Gazteluaren berreskurapena auzokideon aldetik gaur egun hurbilago dugun erronka da", baieztatu dute.
Ildo horretan, auzo aldarrikapen honi bultzada berri bat emateko, auzokide guztiak animatzen dituzte larunbat honetan Gazteluaren inguruetan egingo den jardunaldian parte hartzera.
Goizean goiz hasiko dira ekimenak: 10:00etan auzolana eginen da, eta ondoren txistorrada eta umeentzako jokoak izango dira. Eguerdian herri bazkarian hartuko dituzte indarrak eta gero jokoak eta musika izango dira. Espazio autogestionatu baten aldeko kanpamendua zabalduko da, eta gaua pasatzeko asmoarekin, hainbat ekimen antolatu dituzte.
Iturria: Ahotsa.info-tik ekarritako albistea.