argia.eus
INPRIMATU
Mendillorriko, Printzearen Harresiko eta Donibaneko haur eskolak euskaraz izan daitezen eskatu dute familiek Iruñean
  • Elkarretaratzea egin dute Iruñeko Udal Plazan datorren ikasturtean Donibane, Mendillorri eta Printzearen Harresi Udal Haur Eskolak murgiltze ereduan (euskara hutsean) bilakatzeko eskariarekin.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2023ko azaroaren 27a

Haur Eskolak Euskaraz ekimenak deituta, elkarretaratzea egin dute igande eguerdian Iruñeko Udal Plazan. "Hamaikagarrenez eskatzen diogu udalari, gure aldarriari jaramonik egiten ez diolako eta hamaikagarrenez elkartuko gara gure haurrek bizitza euskaraz egin dezaten", adierazi dute.

Izan ere, urteak dira jada euskarak ia lekurik ez duela 0-3 etapan. "Urteak diogu 80. hamarkadatik hona egoera ez delako aldatu; hau da, duela 30 urte bezala jarraitzen dugu, haur eskola bakarra dugu murgiltze ereduan Iruña osoarentzat".

Eskaintza horrek dagoen eskari guztia ez duela asetzen jakitun, aldarri zehatza egin dute: Datorren ikasturtean Donibane, Mendillorri eta Printzearen Harresi Udal Haur Eskolak murgiltze ereduan (euskara hutsean) bilakatzea. "Hizkuntza eskubideak bermatu daitezen eskatzen diogu Iruñeko udalari. Bazterkerirekin bukatu dezala eta zabal dezan Euskaraz hezituak izateko eskubidea auzoz auzo eta herriz herri".