“30 urte geroago ez da ezer aldatu?”, halaxe galdetu dute Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoko gurasoek, euren seme-alabak D ereduak aurre-matrikulatzeko garaian izaten ari diren zailtasunen aurrean.
Mendigorriko eskolan 2015ean ezarri zuten D eredua, hainbat eskari eta borrokaren ondoren. Baina hango gurasoek asteazkenean prentsaurrean azaldu dutenez, 2020/21 ikasturtean seme-alabak euskarazko ereduan aurre-matrikulatzeko oztopoak izaten ari dira: “Zergatik ez ditugu eremu mistoan dauden beste eskolek dituzten eskubide berak?”
Azaldu dutenez, aurre-matrikula epea amaitzeko hamar egun geratzen zirenean Hezkuntza saileko webgunetik D ereduaren aukera desagertu zen, Mendigorriko ikastetxe hori erreferentziazko zentro bezala kontsideratua zegoen arren. “Argibide kontraesankorrak” eman dizkietela salatu dute gurasoek, eta Garesko ikastetxea erreferentziazko zentro bezala aukeratzen ez bazuten “jantokia eta garraioaren dirulaguntza kenduko zizkigutela esan ziguten”.
Prentsaurrean emandako datuen arabera, datorren ikasturtean Mendigorrian egingo diren aurre-matrikulen %43 D ereduan izango dira, hau da, euskaraz ikastea nahiko luketenak beste ereduak gaindituko lituzkete: “Ikasketa-komunitatearen parte izan nahi dugu, eta beste hizkuntza eredu bat izateak aberastasun, inklusibitate eta aniztasun gehiago suposatuko duela uste dugu”, azaldu dute. Horregatik exijitu dute hizkuntza murgilketa “Nafarroako hizkuntza propioetako batean” egin ahal izatea.
Harrituta eta etsituta agertu dira bizitzen ari diren egoerarekin. Azaldu dutenez, haietako askok euskaltegira joan behar izan zuten, edo barrakoietan ikasi, edo herritik kanpora joan euskara-lerro berri bat irekitzeko. Horregatik, ez dute ulertzen haien aita-amek duela 30 urte egindako borroka bera egin behar izatea beraiek orain: “Ez da ezer aldatu?” galdetu dute.