argia.eus
INPRIMATU
Filma
Mendiaren hego aurpegia
  • 2001ean euskal mendizaletasunean gertaturiko tragedia batetik abiatuta, munduko gailur handienak dauden lurretako herritarren sufrimendu eta esperantza ere erakusten digu Pumori, mendiaren alaba dokumentalak, himalaismoan askotan ezkutuan geratzen den hego aurpegia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2019ko abuztuaren 14a

Pumori mendian (7.161) elur jausi baten ondorioz hildako bost euskaldunetako baten gurasoek, Arantxa Gurrutxaga eta Peio Arruek, Nepalera joko dute urtebete geroago, semea hil zen tokira hurbildu eta berarekin azken argazkia atera zuen neskatoa ezagutzeko asmoz. Hor hasten da Suku Maya eta familia euskaldunaren arteko harremana.

Hildako mendizaleei omenaldia egiteaz gain, lan honetan ikusleak ezagutuko ditu herrialde txiki hartako jendeen bizi baldintzak eta giza duintasuna, Suku Mayaren aurpegi beltzaran eta irribarrearen bidez.

Dokumentala Baleukok ekoitzi du, Alex Txikon mendizalearekin elkarlanean eta ETBk babestuta. Euskal Herriko areto askotatik igaro da eta sarreretatik irabazitakoa Suku Maya laguntzeko izango da, Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaya fundazioaren bidez.

Pumori, mendiaren alaba

Zuzendaria: Iban Gonzalez

Ekoizleak: Baleuko, ETB

Euskal Herria, 2019

64 minutu