argia.eus
INPRIMATU
“Mendian ere euskaraz” txangoa, Lizarragatik abiatuta
  • Maiatzaren 27an "Mendian ere euskaraz" ibilaldia egingo da Andia mendilerroan, ohiko jardunean euskaraz bizi diren hainbat mendi taldek antolatuta.

Jon Torner Zabala @jtorner 2018ko maiatzaren 17a
Mendian Euskaraz taldea da ibilaldira batu den elkarteetako bat. Irudian, Izpegi-Auzara egindako txango batean.

Tartean dira, besteak beste, Mendian euskarazMarimendi, Mendiak eta Herriak, Lemoizko Etzandarri, Donostiako Añorga eta Platerotarrak, Donibane-Lohizuneko Begiraleak eta Hondarribiko Blagan.

"Mendiz mendi euskaraz, naturaltasunez bizitzeak batzen gaitu talde guztiok", diote prentsa-oharrean. "Beraz, maiatzaren 27a ez da izango egun isolatua gure jardunean, baizik eta mendizale euskaldun ororendako deia gurekin bat egiteko". Egitasmo honen bidez, elkarren arteko harremana sendotu nahi dute. "Euskarari beste arnasgune bat eskaini nahi diogu, non eta gure zaletasunaren gune naturala den mendian".

Mendi irteera Lizarragako bentan hasiko da (9:00etan), eta 22 kilometro luze ditu, nahiz eta izango den aukerarik ibilbide "errazagoa" egiteko, mendizerratik ez baizik eta pistatik joango dena.