argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herria zatitzen duen mugaren aurkako ekintza zuzena
  • Anonimotasunean ekintza burutu dutenek bidalitako oharrean adierazi dutenez, "mugarri hauek, sinbolikoak baino, alde bietako biztanleengan esanguratsuak direla uste dugu, eta hauetara gerturatzen direnen bizitzengan erabakiorrak suerta daitezkela ere ikusi dugu. Hil ala bizikoak". Bideoak "burujabetza iraultzaz" lema nabarmentzen du eta horri lotuta ideia hau plazaratu dute oharrean: "Uste dugu Euskal Errepublika dela gaur egun Euskal Herrian giza eskubideak babestu eta gizartearen interesak defendatzeko baliabide bakarra".

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 27a

Aitzurrez, mailuz, rotaflexaz eta sokaz... mendialdean estatuen muga imaginarioa markatzen duten mugarriak nola eraitsi dituzten erakusten du hedabideetara bidali duten bideoak. Migrazio politiken ondorioz azken aldian bizi izadako hainbat gertakari ekarri dituzte gogora: "Marruekos-Espainia arteko krisia, edota Bidasoan itotako etorkinaren heriotza, eta muga hauen arrazoia eta injustizia are lazgarriagoa egin zaigu".

Muga den lerro ikusezinak eragindako kalteak nabarmendu dituzte: "Beste batzuek ezarri zituzten euren mesederako, eta aspaldi ari dira lurraldea zatitu eta biztanleengan kalteak eta oztopoak sortzen. Eta hauxe aldarrikatu nahi izan dugu ekintza honekin; Interes partikularrei zor zaizkien merkantziei ateak ireki eta pertsonei ordea bidea oztopatzen dieten estatu eta eta legeak ez direla gureak".

Euskal Errepublikaren aldeko aldarria egin dute, "Guk hesirik gabeko mugak" eskatuz.