argia.eus
INPRIMATU
Mendi martxa egingo dute Arabako Iturrieta parke eolikoaren aurka
  • Latsarri Gaztetxeak eta Mendiak Aske plataformak parke eolikoaren proiektuak “mendien pribatizazioa, industrializazioa eta ingurumenaren suntsiketa” dakarrela salatuko dute ekimenarekin.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 24a
Parke eolikoaren aurkako protesta. Argazkia: Alea

Latsarri Gaztetxeak eta Mendiak Aske plataformak elkarlanean mendi martxa bat antolatu dute larunbat honetarako. Ibilaldia 9:30ean abiatuko da Arabako Alaitza herritik, eta San Juan portua igo ostean, Egileor herrian amaituko da.

Egitasmoaren helburua Iturrietako parke eolikoaren eraikuntzaren aurka protestatzea da, izan ere, parke eolikoek “mendien pribatizazioa eta industrializazioa” eragiten dutela argudiatu dute, eta horrekin batera, “ingurumenaren suntsiketa” ekarriko duela salatu dute.

Mendiak Aske Plataformak aurrera jarraitzen du bere helburuaren alde, eta esaldi bakarrean laburbildu du bere aldarrikapena: “eolikoak bai, baina ez horrela”. Hori lortzeko, zenbait ekintzak bultzatu ditu: hala nola, Europako Parlamentura joatea, herrietan hitzaldiak antolatzea, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak bultzatzea eta mendi martxak egitea, oraingoan bezala.

Azaldu dutenez, “horren ondorio zuzena izan da kaltetutako 23 udaletxek onartu egin dutela plenoetan Plataforma honek aurkeztu duen mozioa”. Mozio horrek “mendiak babesteko beharra” eta Eusko Jaurlaritzari “egin behar duen Energia Eolikoaren Lurraldeko Sektore Planak har ditzala eskatzea” biltzen ditu.