Bartzelonako Kasa de la Muntanyan bizi den euskalduna da Julen, 25 urte okupatuta daramatzan etxean. Astearte honetan anarkisten aurkako operazio polizialean mossoek hainbat orduz atxiki dituzte etxe barruan bertako 16 bizilagunak. Asteazkenean irakurri dute komunikatua prentsaren aurrean, eta mezu horren azalpena eta bizipenak kontatu dizkio Julenek ARGIAri.
Hasteko, zer moduz zaudete?
Gu ondo gaude, oraindik erdi beldurtuta, umeak batez ere.
Nolakoa izan da asteartea, mossoak sartu diren eguna?
Entretenitua. Goizeko 5etan zarata handia sentitu genuen eta mosso pila bat zeuden bat-batean etxetik bueltaka. Atxilotuta geundela ematen zuen, nahiz eta berez bakarrik atxikita geunden. Lehenengo zazpi zortzi ordutan jendea bakarrik egon zen bere geletan, jan eta edan gabe, eta komunera joaterik gabe. Hortik aurrera utzi ziguten komunera joaten, baina atea zabalik egin behar genituen gure gauzak.
Nola tratatu zaituztete?
Hasieran gogor. Lurrean eduki gintuzten lehenengo ordu erdian, eskuak buruan jarrita eta inora begiratzen utzi gabe. Ez ziguten erakutsi erregistro-agindurik hasieran, eta gero batzuei bakarrik.
Zuen gauzak eraman dituzte.
Teknologia dena eraman zuten. Ordenagailuak, mugikorrak, USBak, diskoak… eta gero batzuei eskaladako materiala, txaketak, paper mota guztiak, liburuak eta diru pilo bat ere bai. Gainera, etxean bizi ez direnei ere kendu dizkiete gauzak, lagunei eta bikoteei. Nik mugikorra ezkutatzea lortu nuen eta ez zuten eraman.
“Terrorismo” hitza erabili dute ekintza poliziala justifikatzeko. Zein arrazoi uste duzu daudela horren atzean?
Beste eskandalu batzuk estaltzeko erabili nahi izan dute hau, baina batez ere mendekua dago guztiaren atzean. Gure etxe inguruan jarri zituzten kamerak kendu genituen, eta horren ordaina izan da. 2001ean sartu ziren lehen aldiz Kasa de la Muntanyan... eta orain berriro sartu behar ziren.
Zer egiten da Kasa de la Muntanyan urtean zehar?
Etxe bat da, 16 lagun inguru bizi gara bertan. Ostiraletan nahi duen guztiarentzat afariak egiten ditugu, eta ostean hitzaldiak, kontzertuak, debateak… egoten dira. Film eta dokumentalen proiekzioak ere eskaintzen ditugu, eta tailerrak ere bai. Aurten 25. urteurrenaren harira ekitaldi asko antolatu dira gainera.
Nolatan dago euskaldun bat hor bizitzen?
Etxean bizi den euskaldun bakarra naiz, eta Bartzelonara ikastera etorri nintzelako bizi naiz hemen azken urteotan. Bertakoak lagunak izateaz gain, beraien ideologiarekin bat natorrelako etorri nintzen etxe honetara, eta, noski, etxe bat behar nuelako ere bai; sistema honek ez digu ematen pisu bat alokatzeko adina. Kolektibo batean bizitzea ez da pisuan hiruzpalau lagunekin bizitzea bezalakoa.
Aste honetan poliziak jarrera bortitza izan du, bai Euskal Herrian, bai Katalunian.
Polizia denak dira berdinak. Bihotzik gabeko jendea da, ez gaitu pertsonatzat hartzen. "Mordaza" legeak, esaterako, argi uzten du zer egin nahi duten gurekin: desagerrarazi egin nahi gaituzte. Beldurra sartu nahi digute, baina ez dute lortuko.
Jendartetik jaso duzuen erantzuna eta babesa positiboa iruditzen zaizu?
Bai. Valentzian, Frantzian, Zaragozan, Madrilen, Galizian… leku askotan egin dituzte manifestazioak. Bartzelonan egin dena nik orain arte ikusitako handiena izan da, horrelako gai baten inguruan behintzat. Datu ofizialek 3.000 pertsona inguru egon zirela diote, baina guk 4.000 inguru kalkulatu genituen. Orduantxe utzi ziguten etxetik ateratzen, eta zur eta lur geratu nintzen plaza bat eta kale bat osorik beteta ikustean.
Ostegunean beste manifestazio bat egongo da Bartzelonan, 18:00etan, hamaika atxilotuak Madrilera eraman dituztelako azkenean.
Zer egingo duzue orain?
Lehenengo eta behin, atea konpondu. Txikituta utzi digute. Bestela berdin jarraituko dugu, lehen baino amorru handiagoarekin.
Informazio gehiago:
Kasa de la Muntanyaren operazioaren ondoren etxea nola geratu den erakusten dute Sergi Pujolar argazkilariaren lanari esker erakutsi ditzakegun irudi hauek.