Ibon Iparragirre presoaren egoera oso kritikoa dela adierazi dute, beste behin, bere senitartekoek. Bilbon egindako agerraldian, gorrotoan eta mendekuan oinarritzen diren espetxe politikek “Ibon hilko dutela” adierazi dute. Berehala aske utzi dezaten eskatu dute, gaixo larrien kasuetan egin ohi den bezala. Mobilizazioak iragarri dituzte preso gaixoen egoera salatzeko.
Ihesa du Iparragirrek. Ondorioz, baxuak ditu defentsak. Ohiko egoeratan, pertsonek 720-1.500 inguruko defentsa maila izaten dute. Azken urtean 50 inguruan izan ditu defentsak Iparragirrek. Iraileko mediku txostenak alarma guztiak piztu ditu: hogeira jaitsi zaizkio defentsak. “Edozein infekziok heriotza eragingo lioke”, diote senitartekoek. Hirugarren gradua “berehala” aplikatzeko eskatu dute, “beranduegi izan ez dadin neurriak hartzeko”.
Espetxe Araudiko 104.4 eta 91.3 artikuluek diote preso baten bizia arriskuan bada, kaleratua izan behar dela. Bi artikuluok Iparragirreren kasuan aplikatzeko eskatu du Sarek: “Mendekuak ezin dio legalitateari gain hartu”. Gotzon Iparragirrek, Ibon Iparragirreren anaiak, adierazi du medikuen axolagabekeriaren eta mendeku politiken ondorioz dagoela Ibon egoera honetan. Presoaren ama pasa den astean bildu zen espetxeko medikuarekin. “Beste preso bat balitz”, honezkero kalean legokeela esan zion.
Pilota elkarri pasaz
Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaileak baimendu behar du Iparragirreri hirugarren gradua aplikatzea; sinadura batekin nahikoa litzateke. Mediku auzia dela argudiatuta, ardura espetxeko mediku zuzendariordeari luzatzen dio. Medikuak, ordea, erabakia bere eskumenetatik kanpo dagoela dio, eta ez duela auzi honetan eskua sartu nahi. Egoeraren larritasuna ikusita, ardura elkarri helaraztea “arduragabekeriaz jokatzea” dela nabarmendu dute senideek.
Sare, Etxerat eta Iparra Galdu Baik plataformak, mobilizazioak iragarri dituzte: Ibonen egoera salatzeko eta kaleratzea eskatzeko, urriak 22an, igandean, manifestazioa egingo dute, Ondarroan. Azaroak 11n, aldiz, preso gaixoen kaleratzea eskatzeko giza-katea egingo dute Basauriko kartzelatik osasun etxera. Azkenik, presoen auziari irtenbidea emateko urtero egiten den mobilizaziorako deia zabaldu dute, urtarrilaren 13an, Bilbon.