Asteazkenean Euskal Herrian inoiz erregistratutako tenperatura handienetakoak jaso ziren. Horien artean Bizkaia eta Gipuzkoako barne aldekoak izan ziren astunenetakoak: Gueñesen 45,6 gradu jaso zituen Euskalmetek eta Bergaran 42. Iruñeko Aireportuko 42 graduak ere historikoak izan ziren.
Lurraldearen barnealdean joan den asteburutik ari da bero handia egiten, eta bero sapa asteazkenetik aurrera barreiatu da kostaldera ere. Alabaina, atzora arte gauez apur bat freskatu izan du herrialde ia osoan eta horrek etxeak eta eraikinak freskatzea ahalbidetu izan du.
Asteazken gauez, ordea, termometroak goian mantendu dira –barnealdean asteartean ere bai– eta tenperatuta beroenak kostaldekoak izan dira. Esate batera, Hondarribiko Higerreko estazioan 33,5 gradu erregistratu dituzte eta Donostiako Santa Klara irlan 31,8.
Euskal Herri osoan alerta egoera dago oraindik beroagatik, baina datorren orduetarako egoerak hobera egingo du. Arratsaldean haizeak ipar-mendebalera egingo du, eta horrek 10 graduko beherakada emango die termometroei, lehenik kostaldean, eta beranduago barnealdean.
Datozen egunetako joera ere hori izango da: ostiralean oraindik bero, baina beste neurri batekoa: barnealdeko tenperaturak izango dira handienak, baina 30 graduren bueltakoak gehienez. Astebururako, aldiz,tenperaturek beheranzko joerekin jarraituko dute, giro lainotsuarekin eta euriarekin ere bai.